Kantu bat etorri zitzaidan burura, autobus geltokitik ospitalera zegoen kilometro eta erdiko bidea, oinez, egiten nuen bitartean. Ez neukan presa handirik, arrebari hartu behar nion txanda eta lasai joateko esana zidan. Horregatik edo, kantua hitzez hitz dastatzen nuela egin nuen bidea.
Zein nekagarria den ospitalean ematen duzun denbora. Atetik sartu bezain laster konturatuko zara. Orduek pisu bikoitza dutela dirudi. Oharra idatzi beharko lukete atarian, aholkatuz, erlojuak patrikan gordetzeko. Bereziki komenigarria da, bertara iritsi arteko tartea(k) taxuz aprobetxatzea, irteterakoan ez baituzu gogo handirik ezertarako. Adibidez, paseoa emanez, zure buruarentzat ozen kantari.
Duela bi egun ingresatu zuten, oxigeno gutxi samar zuela-eta, haatik, kontuak ez zeukan itxura onik. Ezusterik ez, baina, kezka bai, ama ezin genuen minutu bat ere bakarrik utzi. Eskerrak eguberriak ziren, beraz, arreba eta biok oporretan geunden. Egunak bete beharreko 24 ordu ditu, egunero. Bagenekien zer egin: eskarmentuari hautsa kendu (zer lagungarria den!), arropa erosoak jantzi, irakurgaiaren bat eta musika entzuteko gailuren bat hartu, txanponak bildu kafe eta janari makinetarako. Horra hor, ospitaleko zaintzailearen fardel oinarrizkoa. Gauza txikien garrantziaz jabetzeko leku ona da.
Horregatik, estimagarria gertatu zitzaigun, haizea ematen zion tutuari luzagailua jarri izana. Horrela, behintzat, aldian aldiro, altxa, gela igaro, pasilora atera, eta metro batzuk ibili zitzakeen (lehoiak zooko kaiolan nola) eskuin eta ezker, ezker eta eskuin. Huraxe zen haren “atseden” bakarra. Makina ibilaldi egin genituen, baita, egun horietan ere. Mina eragin arren, ibilalditxo horiek, apur bat arintzen zuten denon egonaldia, amarena, eta baita, gurea ere.
Bien bitartean, proba ugari, mediku asko eta ezuste bat baino gehiago. Egun guzti horietan (astebete iraun zuen ingresoak), ezin izan nuen kendu kantua burutik:
Zerbait susmatzen zuen ene barruak. Laugarren egunean, edo, azaldu zigun medikuak ama azkenekotan zegoela, metastasiak jota zituela birikak, giltzurruna eta hezurrak. Hara nondik zetorren azken hilabete eta erdian halako gerra eman zion aldakako mina. Egun batzuk egingo zituela bertan, baina ez zegoela zer eginik. Ixten ari zen paseatzeko ezintasunarekin hasitako aldapa-beherako bidea…
Tristeziaz beteriko gelatan bakea, ez haizerik isiltasuna gorputzetan blai, bukaera da….