Non dago helmuga?

Bukaera oso gauza etxekoa bihurtu zen azkenean. Harekin, edo haren faltarekin, bizitzen ikasten duzulako edo. Baina hasieran oso arrotza gertatzen da.

Amaieran pentsatzen nuen egunero, behin baino gehiagotan. Itxaropen apur batekin, batzuetan, beldur askorekin, gehienetan. Nola, eta, batez ere, noiz bukatuko ote zen hura? Lasterketa hasi bezain laster, amaitzeko gogoa duen esprinterrak bezala.  Gero, ez, hainbeste ez, behintzat. Behin martxa hartuta, eustearen artistak bihurtu ginen denak, gurasoak, arreba… Kontzientzia gaiztoa albo batera uztean, maratoi-korrikalari etiopiarrak bezala hasi nintzen, neurri batean; makurtu burua eta segi aurrera.

Eskerrak horri. Probak, medikuak, ospitaleratzeak, istripuak, larrialdiak aurrera joan ahala, konturatu ginen,  helmugarik gabeko lasterketa zela hura. Are gehiago, geuk egin genezakeen guztiak ere, ez zuela zertan erabakigarria izan behar. Hain zuzen ere, medikuntza filosofia bezain zientzia zehatza dela. Beraz, ohitu egin nintzen. Tarte horretan nahiago nuen amaieran ez pentsatu. Egun bakoitza zen, luzapenari zor genion tarte bat, beraz, horrekin pozik. Hurrengo kontsultara iristen baginen, hurrengo urtebetetzera… Eta horrela iraun genituen urteak. Epe-laburreko itxaropenari eta gurasoen bizizaletasunari esker.

Hain presente eta era berean hain urrun, bukaerak mehatxu izateari utzi zion. Aitak egindako eskapada pare batek erakutsitakoa da. Irakaspen ona etorkizunarekin ez itsutzeko. Gureak, ziurrenik, soilik txarrera egin zezakeen-eta. Horretarako, zertarako nahi duzu etorkizunik?

Baina goiz hartan, egunero bezala, ama esnatzera sartu nintzen gelara, eta susmo bat etorri zitzaidan barne barnetik, uste sendo bat. Hain geldo, hain isil, hain ilun zegoen dena. Ohikoan baino urduriago astindu nuen, gozo halere, eta, zorionez, luze baino lehen, begiak zabaldu zituen. Ez zidan irribarre egin, azken hilabetean (ibiltzea asko eragozten zion min malapartatu bat agertu zenetik) dezente egin zuen behera, eta orain ez zuen lehen adina barre egiten. Baina esnatu eta altxatzen hasi zen. Poliki-poliki beste egun bat lapurtu genion halabeharrari.

Hura izan zen (azken urtetan), egiatan , amaiera, benetakoa iritsi zitekeela (barne-muinetatik) pentsatu nuen lehenengo aldia. Kolpe batez ohartzea bezalakoa izan zen. Zaplazteko ederra. Eta  handik aurrera ezin izan nuen helmuga burutik kendu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up