Bi disko oparitu dizkidate (denbora gutxian)

Badira ospatzeko moduko berriak, bi disko on oparitan jasotzea, adibidez.

 

Eta oso pozik nago. Oparitu dizkidan jendea estimatzen dudalako, eta musika oparitzearena, eguberritako tramite hutsa baino gehiago delako. Gainera, biak ala biak, edukiz dira bereziak, genero aldetik bata bestearengandik nahiko urrun egon arren. Neighborren bigarren diskoaren binilo bertsioa da lehenengoa, eta kafe usaina dakarkit, sutondoko itzalen dantza, eta, batez ere, CDan euskaraz ez dauden bi kantuen bertsio euskalduna (Musika eta Overtones). Diskoaren azalak gainera bikain erakusten du Maite Larbururen artea ez dela soilik eraikuntza musikalean aritzea, lastima, koloretan ezin gozatua collage eder hori, baina ziurrenik gehiegizkoa litzateke disko batentzat.

Bestelakoa da bigarrena, baina Beñardok, oparitzerakoan, 2016ko diskorik ederrenetako bat izan dela esaten badizu, kasu! Bai, disko ederra da Karl Blauren “Introducing Karl Blau” diskoa. Ez da hasi berria, bederatzigarren bakarkako lana du Laura Veirsen taldeko gitarra-jotzaileak. “Hamaika estilotan aritzeko gaitasuna du”, ohartarazi zidan Beñardok, “baina, ahots gozoa du, sarkorra”. Eta halaxe da, contry-soulez betetako diskoa da eta zaila da ez kokatzea Tony Joe White alde batean, eta Lambchop bestean, erreferentzi gisara. Ederra hau ere, benetan, agian gehiegitxo da urteko onena dela esatea, baina ederra da. Bideo honetan oinutsik pasiatzen du kalean zehar, baina entzuleak gara oin-larruan freskura sumatzen dugunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up