Originaltasuna ez da dohaina

Pantxix Bidart eta Alexis Therain
Metamorfosia
ZTK 2017

Horrelako disko baten aurrean jarrita, balizko adituok, badugu “sailkaezinetan” kokatzeko tentazioa. Horrek ez dio mesederik egiten diskoari, baina neurri batean asetu egiten du musikaz idazten dugunok klasifikazioak, kategoriak, kutxa estankoak sortzeko dugun behar gaixotia. Sailkaezin horrekin izenpetzen dugu, nolanahi ere, ohiko moldeetatik irteten den lana dela, lan ausarta, ezerosoa merkatuarentzat, komunikabideontzat, deskribatzen zaila dena. Radioformuletatik kanpo geratzen dena. Eta ez gabiltza oker, baina, era berean, hori egindakoan, hor gora, sekula entzuten ez dituzun disko “bitxien” apalera kondenatzen duzu horrelako kantu sorta ederra. Eta ez da justua.

Ez nuke esango disko berritzailea denik, Metamorfosis hau aurrerapauso bat baino ez baita Pantxix Bidarten ibilbide hain koherentean. Bertan, bat egiten dute kantariaren ohiko langaiak; poesia garaikidea eta langarik gabeko esparru musikal “pertsonal” hori, non euskal tradizioak, esperimentazioak, flamenkoak, free-jazzak jolasten duten, erraietara zuzenean doazen kantu/errezitatu/letania forma hartu arte. Azpimarratzeko da, ari horretatik tiraka, disko honek 70ko hamarkadako euskal folk ausartenarekin (Urria, Laboa esperimentalena, Beñat Axiari…) eraikitzen duen zubia, pozgarria benetan, 2017an euskal musika “ohiko” bideetatik kanpo ere badela ziurtatzea.

Maiatz argitaletxean plazaratutako Jos Roy poetaren Balea liburuko testuak musikatu ditu Bidartek, oraingo honetan, Alexis Therain jazz gitarra jotzailearen laguntzarekin. Barealdi melodikotik, garrasiaren ekaitzera, horrela dabiltza diskoko 9 kantuak, eta kantu bakarrean igaro daitezke paisaia guzti horiek, rock bortitzenaren indarrarekin, edo folk gozoenaren xuxurluarekin. Horretarako gitarra akustiko bat eta ahotsa baino ez dira behar. Ene Jatorrizko Mintzaira kantua izan daiteke horren adibiderik garbienetakoa. Kantu ezin hobea kantariaren ahotsaren gaitasunarekin harritzeko, haren erregistro aniztasunarekin gozatzeko. Gitarrak sortzen dituen sare melodiko askotarikoekin liluratzeko.

-Zenbat lan originalak izaten, gure originaltasuna inpunitate guztiarekin ezabatu dutenean- Kantatzen du Bidartek, Pako Aristiren poemarekin osatutako Heziketaren Historia kantuan eta laburpen polita izan daiteke sugarra darion disko honentzako. Originaltasuna ez baita dohaina, mugetatik harantzago begiratu, eta bidea egitearen arriskua hartzen dutenen abizena baizik eta Pantxix Bidart horietakoa da. Eskerrik asko.

(Berria egunkarian 2017/03/12an argitaratua)

Kategoria: Berria, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude