Elektro-pop Arabiar fina

Yasmine Hamdam
Al Jamilat
Crammed Discs 2017

Bigarren bakarkako disko honekin Yasmine Hamdam kantari eta aktore Libanoarrak, baieztatu egiten du elektro-pop Arabiarraren erregina izateko hautagaitza. Ez da oraintsuko kontua, aspaldi ekin zion lan horri. Besteak beste, Soapkills (1997- 2008) talde aitzindariko kide izan zen, eta gogoratu beharra dago, Beirutekoen hiru diskoak, irakaspen izan direla, atzetik, elektronika fina, folka eta musika arabiarra uztartu nahi izan duten guztientzat. Batik bat, elektronikaren beste erritmo bortitzagoetatik (house, techno…) ihesi dabiltzanentzat. Hauek aspalditik dira-eta ohikoagoakk musika arabiarrean.

2013an kaleratu zuen bakarkako lehenengo lan luzea, Ya Nass (Crammed) eta oso argi erakutsi zuen aurretik marraztutako bide beretik zihoala bere ibilbide berria. Erritmo geldo eta ertaineko kantuak non elektronikaren presentzia ez den sekula zanpatzailea, ez dituelako estaltzen, alegia, bestelako zaporeak. Ahotsak agintzen du, eta melodiak, hizkuntzak, joskerak, musika arabiar urbano eta gaurkotua ematen du aditzera. Batzuetan kantuek Yasmine Hamdamen alderik folkiena erakusten dute. Diskoa irekitzen duen Douss, adibidez, gitarra akustiko baten arpegioen abiaduran doa. Hain nabarmen, batzuk alderatu nahi izan dutela Souad Massi aljeriarrarekin, baina zeharo ezberdinak dira bien bideak.

Hurrengo kantuetan, ordea, elektronikaren pisua nabarmentzen da, baina esan bezala, giro intimista eta arabiarra ito gabe. La Ba’ Den atmosferiko samarra edota Assi mistikoak erakusten dute. Azken honek, ongi adierazten du lan honen mamia, bere soka orkestra arabiarraren moldaketa (ezin bestela izan Beiruteko musikari batentzat), erritmo hautsi eta sampler organikoekin. Choubi da diskoko kanturik erritmikoena, edo biziena, Izak kantuaren melodia berriz pop hutsa da eta gitarra moldaketek, berriz, sakondu baino ez dute egiten sentsazio hori. Cafek, Beduinoen musikaz hitz egiten digu, diskoko kanturik “etnikoena” dela esan daiteke, erritmo errepikakor eta ahots urrunez josia. Diskoak, geldora jotzen du hemendik aurrera eta azken kantak “anbientalenak” direla esan daiteke.

Dena dela, batez ere kantariaren luzimendurako da disko hau eta horretara bideratuta daude luxuzko lankideen ekarpenak. Adibidez, Luke Smith (Depeche Mode, Foals…) eta Leo Abrahams (Brian Eno…) ekoizleen ahaleginak, eta baita Shahzad Ismaily (Lauri Anderson, Lou Reed…) eta Steve Shelley (Sonic Yout) musikarien lanak. Disko bikaina da musika Arabiar elektronikoarekiko eduki zenitzakeen aurreiritzi gehienak gainditzeko, edo hala iruditu zaigu guri. Gozatu Hamdam anderearen ahotsarekin.

(Berria: 2017/04/09)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up