Itxiduraren bestaldeko zelai malkartsuaren muturretik dator. Zuhaitzen gerizpean egongo zen, lo deskuidatzen bazara. Zaldiek ere lo egiten dutela esango nuke, nahiz eta ezin jakin ametsik egiten duten ala ez. Edonola ere, oso goiz da, baita bakartutako zaldi beltzentzat ere.
Sumatzen gaituenean erne altxatzen du lepoa, begiratu egiten gaitu, goitik behera, nahiz eta zaila izan ongi ikustea, mantxa beltza baino ez da, argitasunerantz oso poliki egiten ari den belazean. Adi aztertzen gaituela dirudi, eta ezagutzen gaituenean, hurbildu egiten da. Poliki lehenengo 10 metroak, hurrengo 4oak , berriz, arrapaladan. Hainbesteraino, abiada nahiko bizian iristen dela itxiduraraino. Gurearena hiru den buru handia, txarrantxaren gainetik pasa eta irrintzi moduko bat egiten du. Egunon, edo gose naiz, edo hau poza…
Ama izutu egiten da, jakina, eta pauso bat atzera egiten du. Orduan niri ematen dit etxetik prestatuta ekarri duen ogi-zaharrez betetako poltsa. Nik eman behar gosaria zaldiari. Eta begiratu egiten du, harridurazko irribarre batekin nola jaten duen ogia. Nola aurrena ahoan busti, bigundu, lurrera bota, berriro ahoratu eta hortzen krasketako handi batekin zatitzen dituen ogi gogorraren puskak, den dena, jan arte.
Begiratzen aritzen gatzaio, ez baitirudi enbarazu egiten diogunik. Nolanahi ere, jaten ari den bitartean ez digu jaramonik egiten. Hain hurbil daukagu haren gorputz handia! Laztantzeko esaten diot amari, baina ez da ausartzen. Eta hantxe gaude minutu pare batez, zaldiak ogi gogorra nola xehatzen duen ikusten. Bideari ekin behar ordea, oraindik, aldapa puska bat geratzen zaigu Saretxora iristeko, eta hiru ordu laurdeneko bidea etxera itzultzeko.
Hamabi urterekin baserritan zehar telegramak partitzen zituenean makina aldiz egindako ibilbide bera zen hura. Baina, zaldi beltza ez zen beti han egoten, azken urtetako kontua da. Gainera udazken amaiera aldera agertzen zen, dirudienez, udan beste nonbaitera eramaten zuten. Bat batean ohartu ginen han zela, eta nahigabe bezala hasi ginen ogi zaharra eramaten. Amak bazuen lan berria; hartu lauzpabost eguneko ogi puskak poltsa batean sartu eta berarekin ekarri paseora. Gure harridurarako, luzaro gogoratu zuen betebehar berria. Jakin ezazu zergatik, baina tokatzen zenean, harro erakusten zidan poltsa Axalako semaforo ondoan topo egiten genuenean. Zaldiarekin oroitu izanaz harro ziurrenik, edo agian, lan bat ongi egin izanagatik pozik.
Alzheimerdun gaixoek ez dutela ohitura berriak sortzeko gaitasunik? Bada, arrapaladan etortzen diren zaldi beltzak bezala, gutxienez.
Aspaldiko partez, atzo bertatik pasa nintzen eta hantxe zegoen zaldi beltza, ama sumatu izan balu lasterka etorriko litzateke bere ogi zaharraren bila. Baina, zaldiak ez ikusiarena egin eta hantxe jarraitu zuen belarrari hozka. Haiek zuten harremana, neu ikuslea baino ez nintzen.