Izenburuko esaldian laburbildu daiteke post hau, ez duzu zertan irakurtzen jarraitu, hortxe laburtuta dago oinazearen gainean esateko dudan guztia. Oinazea bukatzen denean, akabo dena. Beraz, komeni zaigu mina ere dosifikatzea, guztia aldi berean, kolpe bakarrean, ez xahutzea, bestela, konturatzerako, bizitzak ihes egingo digu. Aitarekin ikasi nuen hori.
“Zuek ez dakizue zenbat sufritzen ari naizen” esaten zigun askotan, ahots tonu errukarri eta min keinu nabarmenak egiten. Logika jarraituz “Eta non duzu mina?” galdetzen genion. Erantzunak askotarikoak ziren: orain ezkerreko belaunean, orain eskuinekoan, atzo bizkarren, gaur lepoan, herenegun buruan eta etzidamu jakin ezazu… Min bat konponbidean jartzerako agertzen zitzaion berriren bat gizajoari. Ez zegoen aitaren oinazearekin asmatzerik. Denak probatuta ere, ezin aurrera egin… “Ez dakizue, ez, zenbat sufritzen dudan nik!”
“Bizirik zaudenaren seinale” erantzuteko gogoa geratu zitzaidan askotan.
Behin dialektika horretan sartuta, oso etsigarria bihurtu zen zaintza, beti gaizki aritzearen sentsazio gailentzen baitzen. Egunero, egunero, egunero… Bada, estutuan estutuz, soluzio perfektua bururatu zitzaidan, halako batean: “bihar ez nau harrapatuko, munduko min guztiekin zerrenda bat egingo dut, buruz ikasiko dut, eta horrela hurrengo egunean aurreratu eta berak, esan baino lehen, asmatuko dut zein den oinaze berria”.
Ez nuen egin, lastima, jarriko lukeen aurpegia ikusteko gogoekin geratu nintzen azkenean.
Goizero galdetzen diot ea zer den oinazea
eta gauza berri bat erantzuten dit
ez nekien hainbeste min kabi zitekeenik
gorputz bakarrean
Munduko min guztiekin zerrenda bat egingo dut
gero buruz ikasteko
beldurrari tarterik inola ere ez uzteko
norfinarik ez hartzeko (azkarregi)
gerta daitezkeen gaitz guztiak idatziko ditut
min bakoitzari izen egokia jartzeko
izutu beharrean haiekin ohitzen hasteko
bidean adore apurrik ez galtzeko (alferrik)
kalteak aurreikusteko
aldez aurretik prest egoteko
zureak ere izendatzeko
eta tamaina hartzen hasteko
arnastea baita gaixotasunik iraunkorrena
utzi beti min pixka bat biharko