Zenbat paseo izan ziren? Zenbat argazki? Zenbatetan elkarrizketa bera? Zenbat euri? Zenbat kafe (hutsa deskafeinatua amarentzat)? Zenbat egunsenti? Zenbat mediku? Zenbat erietxe? Zenbat ordu, minutu, segundu? Ez dakit, ez ditut zenbatu. Ezta saiatu ere. Zaintza eta matematikak ez baitira oso lagun onak. Zenbakiek areagotu baino ez dute egiten itolarria. Inbertsioak eta emaitzak, galerak eta etekinak, ez ekarri, mesedez, ehunekotara zaintza. Ez du merezi, mikaztasunean jasotzen dituzu irabaziak. Horixe da txanpona.
Imajinatzen al duzu, diagnosiarekin batera, medikua zaintzaren aurreikuspena ematen? Gaixotasunaren eta gaixoaren ezaugarrien araberako bataz besteko ahalegin-kalkulua; zaintzari eskaini beharko diozun denbora ehunekotan emana, eta ezaugarri txikiagoetan xehetua (%10a ospitaletan, %20konpainia egiten, %10a higienea…). Beharko duzun pazientzia kopurua kilotan azaldua. Loezinaren balizko progresioaren grafikoa. Zaintza-intentsitatearen bilakaera gaixotasunak aurrera egin ahala, beste pertsonarekiko ardurak hartuko duen pisu espezifikoa (beste interesgune guztien kaltetan), honetan inbertitu beharko duzun arretaren zenbatekoa (hau ere ehunekotan).
Hamaika modu egon daitezke zaintzaile-gai bihurtutakoari aurrera datorkionaren berri emateko, diagnosi ondorengo bere bizitza zer izan daitekeen irudikatzen laguntzeko, prestakuntza eta entrenamendu egokia planifikatzeko. Horrela bilakatu ahal izango dugu zaintzaren atletak, zientifikoki prestatutako kirolari efizienteak. Bere buruarekin lehiatzen iaioak. Muga guztiak gainditzeko adina anbizioa dutenak. Zaintzaile perfektuak.
Edo, joan etxera, negar egin, saiatu, hanka sartu, asmatu, ikasi, haserretu, barkamena eskatu, drogatu, izutu, lasaitu, laguntza eskatu, kezkatu, hondoa jo, altxatu, harritu… Hitz gutxitan, utzi gaixoari eta gaixotasunari bidea erakusten.
Bietatik zein nahiago duzu?