Berriro ingresatu behar izan genuen etxera jaitsi eta astebetera. Nahiko egun krudelak izan ziren, inongo lurretan emandakoak. Ordutik ordura, atzeman zitekeen amaren gainbehera. Hainbeste denboran baretutako gaixotasunek (ustekabean topatutakoak barne), azkenean, harrotu eta uharkaren horma hautsita, haren gorputz eta buruaz jabetzen ariko balira bezala. Bizkorregi, abiada bizian.
Harrigarria da amaierek ustekabeak emateko duten gaitasuna. Hamaika aldiz irudikatu arren, nahiz eta aurreikuspen guztiak egin, gaitzaren ibilbide eta trikimailu ohikoenen berri edukita ere, beti harrapatuko gaitu ezustean.
Dena dela, tranpa txiki bat egin genuen, eta oraingo honetan, heriotzaren joko-arauak aldatu genituen, pixka bat besterik ez (medikuekin tratua egin ondoren). Prozesua apur bat arindu baino ez genuen egin. Sufrikarioa laburtu, duintasun pixka bat gehitu ezinegonari. Eta horrela denok prestatu ginen, handik aurrera edozein unetan gertatuko zenerako.
Lehertzeko zorian dagoen egun sargoritsu horietako batean ekaitzaren zain bezala.
Ohe bakarreko gela zenez, estimatzekoa osasun-arduradunen adeitasuna, denok eduki genuen gure modura agur esateko aukera. Leiho handi bat, azken muxuak, erizainaren eskuak (haiek izan ziren, ziurrenik, ikusi zituen azken gauzak) eta lo geratu zen ama. Lo, aho zabalik eta gora begira.
Ospitaleko egun sargori luze bat.
Hiru hilabete ziren azken paseoa egin genuenetik. Batzuk diote, zetorkiona ere ibilaldi baten modukoa zela, baina hau, nahitaez, bakarrik, egin beharrekoa. Ez zait iruditzen, ez dut horretan gehiegi pentsatu, ezta, aitarekin gertatu zitzaigunean ere. Beraz, hura, amarekin egingo genuen azken itxaronaldia zen, ez nion askoz ere metafisika gehiago ikusten egoerari (ezta orain ere, heriotzan gehiago pentsatzeko tartea hartutakoan).
Ama lo eta denok, txandaka, begira, erlojuak ez zuen aitzakia gehiagorik behar. Betiko abiaduran zihoan. Poliki.
Ospitaleko bi egun sargori… Euria iragarriko zuen haizearen seinaleren baten zain.