Eta azkenik; noraeza

Ez zen hirugarren egun sargoririk izan. Bigarren gauean, egunsentiaren atarian, hiru kolpe sakonen ondoren, arnasa eten zitzaion. Eta kito.

Lehenengo kolpea

Erritmo geldoko arnasa zen seinale bakarra, itsas-argiak nola, halaxe, aldian aldiro, gau iluna zeharkatzen zuen argitasun-gezi bat. Bizitzaren aztarna bakarra. Arnas-hartze bakoitza, urrats leun bat, azken ibilbidea marrazten zuena. Azkenean, dena dela, ez zen enbatarik izan. Bat batean, oso sakon hartu zuen arnas, indar harrigarriarekin gelako aire guztia biriketan sartu nahiko balu bezala, eta gero eten. Etenaldi lehorra izan zen, ozena, kolpe bat bezala. Isiltasuna gertatu zen ondoren, isiltasun luze-luzea. Itxaron beharra.

Bigarren kolpea

Beste seinalerik ezean, behin larritzen hasitakoan, beste hats-kolpe bat gertatu zen, aurrekoa bezain indartsua, hura baino urgenteagoa, ondoren, isiltasuna, berriro, eta areagotutako larritasuna. Gertatuko dela jakiteak, azkenean, ez du murrizten une batez sentituko duzun itolarria.

Hirugarren kolpea

Oraindik, hirugarren kolpe bat gertatu zen. Aurrekoa bezain zakarra, baina, hura izan zen azkena.

Amaiera musu bat, laztan leun bat eta aio.

Esango nuke haize freskoa altxatu zela ospitale-gelan, leihoa zabaldu eta kresalaren usaina barreiatu zuena. Ondoren, kolore elektrikoetako marmoka txikien segida batek zeharkatu zuen kuartoa. Gutxi batzuk hasieran, zientoka desfilea ixten, eta atzetik, itzaletan ernatu berria zen bale batek, alga eta itsas-izarren arrasto bat utzi zuen baldosetan, altzarietan, ohearen oinetan, geldo leihorantz hegan egiten zuen bitartean. Haren uluak lehuntzen joan ziren, itsas-izakien erronda argi puntu txiki bat bilakatu zen arte iluntasunean.

Eta gero; noraezaren bisita.

Egunek gatza uzten dute
gorputz ahituetan
behelainoak kresala
ale txikietan
olatuak gotortuta
hor nonbait larruan
itsas-usaina pizten da
dena ilun denean

puzzle arraroa da noraeza

ekaitza lehertu egin da
arrainontzi horretan
haizea ufaka dabil
gelan bazterrean
leihoak marraztu arin
kristalezko hormetan
baleek ospa egiteko
marea honetan

puzzle arraroa
lorategi ozpela da noraeza

arramaska egin zenidan
geldo eta etengabe
albokoari hasi zitzaion
odola hala ere
izuak alde asko ditu
beti gabiltza erren
ezer ez dago geldirik
bukaerak ez du atertzen

puzzle arraroa
lorategi ozpela
armarioko botikin hutsa da noraeza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up