Musikazaletasuna eta heldutasuna

Ba al du zentzurik helduentzat kantuak idazteak euskaraz?»; galdera hori etorri zait burura, Igor Arzuagaren azken diskoa (Nire Begiak) entzuten ari naizen bitartean. Eta ez dut erantzunik topatzen, akaso galdera gehiago. Ba al du euskal musikak publikorik 30 urtetik gorakoen artean? Eta ez dakit. Nola gainditu egile eta hartzaileen artean dagoen “belaunaldi-lubakia”? Eta ez dakit. Zergatik adin batetik aurrera, gaztetan hunkitu gintuen musika, bakarrik, entzuten dugu? Eta ez dakit. Adinak musikarekiko interesa zer edo zer antropologikoa bihurtzen duela dirudi, ba al dago txertorik? Eta ez dakit.

Basamortu musikalaren aire beroaren hurbiltasunak nabarmenago uzten du agerian musika asko landu ohi dela haurtzaroan (baita protagonista guztien gogoz kontra ere) eta gaztaroak, halabeharrez, bilakatzen gaituela musikazale. Baina eta handik aurrera? Musika entzutea ekintza errepikakor, gero eta bakanagoa bilakatzen da.

Hortik aurrera, sosen legea, industriak errukirik gabe irensten, eta okerrago, irrati-formulen esku uzten du gure jakinahi musikala. Beharbada, horregatik, nahiago dugu inoiz hunkitu gintuzten kantuak eta taldeak entzutea, ziurtasuna bilatzen dugu-eta musikaren, barkatu bizitzaren, alor guztietan. Zertarako arriskatu ezer berria deskubritzen? Bizitzak, barkatu musikak, hanpatu gaituela dirudi.

Bada, ez dakizue ongi zer galtzen ari zareten, neu bezala edadean aurrera egin duzuen lagunak. Bai, musikazaletasuna helduaroan ere elika daitekeelako, eta inoiz baino plazer gehiago emango dizulako. Egin kasu.

(GARA 2017-08-28)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up