Eustearen himnoak

Xabier Montoia
Gorraizea
Gaztelupeko Hotsak 2017

Heldutasuna ez da puntu jakin batean koka daitekeen helmuga bat, igo ondoren jaitsi beharra dagoen gailur moduko bat. Ez, heldutasuna grazia-aldi bat da, jarraitua izan daitekeena, eta denboran luza daitekeena. Hori erakusten digu Xabier Montoiaren azken urtetako ibilbideak. Arrakasta publikoak ez bezala, inspirazioak begiz jotzen du haren disko bakoitza, bide pertsonal, klasifika-ezin eta aberatsa idatziz, kantuz kantu eta urratsez urrats. Erraza dirudi, baina ez da hala, bere burua etengabe errepikatzera kondenatua egon daiteke-eta sortzailea, behin adin batetik pasa eta gero. Adibideak ez dira falta inguruan. Nolanahi ere, arte mota bat da arrakasta-ezak ematen duen askatasuna ongi baliatzen jakitea, eta horrela goraipatu beharko genuke.

Zer behar duen artistak heldutasun egoera horretara iristeko? Lehenik eta behin, kemena, eta horretatik asko du Gasteiztarrak. Zazpigarren bakarkakoa du (erdi bidean geratutako Deus Guti kontuan hartzen badugu). Tartean isilune luzeak gertatu direlarik, adibidez 9 urte “Ni ez naiz Xabier Montoia” eta “Montoiaren mundu miresgarria” diskoen artean. Egia da, oparoagoa gertatzen dela emaitzetan haren ibilbide literarioa, eta ziurrenik, musikarekiko zaletasun ase-ezina dela kantugintzaren alorrera aldian aldiro itzul-arazten duen indarra. Baina, itzulera bakoitzak dakar berarekin nortasunez gainezka egiten duen disko bat.

Kemenaz gain, aldian aldiro, bere burua berrasmatzeko abilezia aitortu behar zaio Montoiari. Askotariko estiloak jorratu ditu bere lanetan. Pop-rock ibilbide estandarretik aldenduta, aurrekoarekin, adibidez, garbi agertu zuen crooner bikaina izan zitekeela. Oraingo honetan, pauso bat aurrerago eman du, eta sekula arrotza egin ez zaion, art-pop bidegurutzean kokatu du bere burua. Leku hori non bat egin duten instrumentazio klasikoak (pianoa, soka laukotea), pop melodiek (Montoiaren espezialitatea) eta ikuspuntu abangoardistak. Ez da harritzekoa, eustearen gaineko himno sorta bat izatea hau, itxaropen handirik gabe aurrera egitearen apologia egiten duten 10 kantuez osatua. Kantu mikatz baina argitsuak.

Azkenik, bidaide egokiak aukeratzen jakitea da heldutasunaren seinalerik gorena. Eta horretan, erditik erdi asmatzen du Montoiak. Eta nola ez, aipagarria da azken honetan, instrumentazio, moldaketa eta ekoizpenean Ibon Rodriguezek egiten duen lana. Zaila egiten da, haren esku-hartzerik gabe hain disko borobila irudikatzea. Montoiak azken bi diskoetan hasi duen bidaia kitzikagarri honetan ezinbesteko lagun da Sestaoarra. Kantagilearen arma sekretua.

Dena dela, agian, hasieran ezan behar nuen Montoiaren fan erabatekoa naizela, ezta?

(Berria 2017/12/09)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up