Euskal kantagintzaz III

Badakit ez dela eguna galdera egiteko, baina ba al du euskal kantugintzak masa kritikorik? Euskal kantagileen lana hauspotu, estimatu, zabaldu edo elikatuko duen pertsona multzo aipagarririk? Bale, gaur badirudi baietz, baino eta astelehenetik aurrera? Edo eguberriak pasa eta gero? Izango al dugu orduan gure jarduna estimatuko duen gutxieneko kopururik?

Galdera traketsa dela jakinda ere, agian, gehiagotan egin beharko genioke sortzaileok gure buruari. Baina errazagoa da, agian, errudunak gilotinara bidaltzea; komunikabideek, politikak, munduak, antolatzaileek, industriak, euskarri digitalek, kultura kontsumitzeko ohiturek, instituzioek… Eta ados, denak du eraginik ,unibertso osoak ere nahi bada, euskal kantugintza deritzon deskalabru maitagarri honen egoera oso badaezpadakoan (agian, gaur ez da egunik aproposena hau aipatzeko). Baina eta zer? Gu egoera minorizatu baten azpi-egoera minorizatuaren morroi gara. Beste alor asko bezala.

Agian, galderari buelta eman beharko genioke eta gure buruari galdetu zer egin dugun azken 30 urtetan gure balioa berresteko, ustez, estimatu behar gaituen jendartera hurbiltzeko, noraino estutu ditugun inguruarekin harremanak. Zer falta zaigun jendeak, nominaletik aparte, ezer baliagarri gisara ikusteko. Jakin-nahia berpizteko… Gure kantuak, berriro, ezer estimagarria bezala ikusteko, egunerokoan baliagarriak zaizkion tresnen moduan eskura eduki ditzan. Gure lana estilo ariketa soil bat baino gehiago dela erakusteko. Bere maltzurrean, galdera hobeak iruditzen zaizkit, hasieran plazaratutakoa baino.

(GARA 2017/12/7)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up