Zein inkontzientek esan zuen erraza zela disko bat egitea?

Bai, hauxe da diskoa….(?)

Disko bat egitea puzzle bat osatzea bezalakoa da; pieza jakin batzuk dituzu, eta bakoitza ordena jakin batean, dagokion lekuan jartzea da erronka. Alde batetik, musika dago, grabatu ondoren, nahastu eta, azkenik, masterizatu egin behar dira kantuok, eta hori soinu-teknikarien esku dago (haien erritmoan beraz). Behin masterra eskuetan, fabrikara bidali behar da kopiak egin ditzaten. Aurrekontuak eskatu behar dira, dagokionarekin tratua egin, eta azkenik aukeratutako lantegira bidali.

Ados, musikarena bideratuta dago, baina zein euskarritan kopiatuko dute musika hori? Zer itxura edukiko du? Nolakoa izango da diskoa? Hau beste mundu bat da. Normalean diseinatzaileren bati eskatzen zaio lan hori. Baina zeu arduratuko bazara baduzu lan puska bat.

Diskoaren lizentzia.

Berriro ere eskulanaren aldeko apustua egin dut, beste buruko-min pixka bat, beraz, diskoaren  diseinuak hainbat atal dituelako. Lehenik eta behin, diskoa bilduko duen kutxa. Ondoren, azala  eta kontrazala. Gero, barruko informazio-orria. Irakurgailuan sartuko dugun diskoak ere itxura jakina behar du, eta gainera, komenigarria da irudi osagarriak ere txertatzea, emaitza ahalik eta erakargarriena gerta dadin. Laburtzeko, une honetan lau lantegi ezberdinetan fabrikatzen ari dira diskoa, fisikoki,  gauzatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak.

Mattinek egindako irudiak abiapuntu bikaina dira, eskerrak, baina ez da lan makala beste pieza guztiak diseinatzea. Horretan aritu naiz azken astetan. Sare sozialetatik urruti, baina ez geldirik.

Ondorioz, dena bideratuta dago, eta uste dut epeak betetzeko moduan izango garela (otsaila hasierarako kaleratu nahiko nuke). Nahiz eta oraindik, diskoa burutu ahal izateko azken urrats garrantzitsua falta den: pieza guztiak jaso ondoren, muntatu egin behar dira. Horretarako, aurrekoan bezala, auzolana egingo dugu, diskoak banan-banan muntatzeko. Horrela disko bakoitza bakana izango baita, ezberdina beste 499 kopiekiko.

Gonbidatuak zaudete!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up