zubi askotako diskoa

Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Julen Achiary
Bashoan
Elkar 2017

Badira zubi baten modura antolatutako diskoak, bere baitan hertz ezberdinak lotzeko pasabideak eraikitzen dituztenak. Belaunaldi ezberdinak, estilo ezberdinak, leku ezberdinak, kultura ezberdinak, edozer da aitzakia ona lotuneak eraikitzeko. Ez da erraza, batik bat, askotan, zubiak hitz emandako lekura baino, bestelako paisai lausoetara eramaten zaituelako, inongo lurraldetan utziz. Ez da Bashoan honen kasua. Zubi askotako lana da Achiarytarrek eta Irazokik, Itxaro Bordaren laguntza estimagarriarekin osatu duten hau.

Lehenengo zubia. Belaunaldi arteko zubia. 70Ko hamarkadatik hona, Beñat Achiary bilakatu da euskal musikari ausart, berritzaile eta ipurterreenen eredu. Nahiz eta, bide horrek arrakasta gehiago ekarri, kasik, EHtik kanpora bertan baino. Herri musika lozorrotik esnatzeko gaitasuna/tema du, eta ez da sekula bide erraza, aldiz, eskertzarrekoa ere izan daitekeela erakusten du Zuberotarraren ibilbide luzeak.

Orain, pentsatu pixka bat. Egungo zein musikari jarriko dugu zubiaren bestaldean? Joseba Irazoki da, egun, leku hori betetzeko euskal musikaririk aproposena. Egin proba, adjektibo berak erabili ditzakegu beratarraz hitz egiterakoan eta ez da bakarra ere soberan egongo; ipurterrea, ausarta, berritzailea.

Bigarren zubia. Zuberoatik AEBra eraikitako zubi kulturala. Robbie Basho kultuzko musikariaren lana abiapuntutzat hartuta, euskal herri-musika eta folk-rock angloxajoaiarraren artean osatutakoa. Horrela irakurrita, ez dirudi oso gauza azpimarragarria, nork ez du egiten egun antzeko zerbait mundu osoan? Baina zubi honi begi pare bat falta zaio. Batetik besterako bidean, esperimentaziora garamatza eta hurrengoan musika garaikidean du geltoki, horrek egiten du esanguratsu lan hau. Handia bada Blue Crystal Firetik, Isabatik Mauleraino kantura doan aldea, oso txikia da Ba-nin Adixkide batetik Orphan’s Lamentera doana. Hortxe dago koxka.

Hirugarren zubiak hizkuntza du ardatz, hizkuntz musikala zein hitzek janzten dutena. Kantu batzuk euskaraz, beste batzuk ingelesez eta beste batzuk bitara eta guztien ondoren bada, beti presente, hitzekin baino barne-hizkuntzarekin lotu beharrekoa (uluak, garraisiak…). Hizkuntza batetik bestera saltoka dabil diskoa, eta batzuetan, aitortuko dizuet, zaila ere egiten da bi hizkuntza nagusien artean ezberdintzea. Ez nago ohituta horrelakoetara, are gehiago, musikari estatu batuar baten omenezko diskoa ez balitz zaila litzateke ulertzen hizkuntza-dantza hau. Baina, beno, oso jostagarria da, baita ere alde horretatik diskoa.

Azkenik, apustu bat, ea gai zareten, hainbatetan, kantuan ari dena Irazoki edo Achiary den ezberdintzeko. Ez da hain erraza.

Kategoria: Berria, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude