160

Asko edo gutxi iruditzen zaizkizu?ยป, galdegin diot lagun bati 2017an kaleratutako euskal diskoen kopurua aipatuta. Ez du jakin zer erantzun. Ez da harritzekoa. Eskerrak ez didaten niri galdetu; galderak baino ez zaizkit etortzen burura: zerekin alderatu, hortxe gakoa. AEBetako ekoizpen musikalarekin alderatuta, ziur asko, apur txiki bat baino ez da gurea. Inperioa eta kolonia txiki bat, hortxe aldea. Ez dakit Bretainia edo Katalunia bezalako herrialde batekin alderatu beharko genituzkeen datuok, ondorio esanguratsuak lortzeko.

Kopurua, ordea, ez da dena. Egia esateko, harritu ninduen datuak. Garaiotan ez da makala. Baina azpimarragarriagoa iruditzen zait jakitea diskoetatik erdiak baino gehiago (90) autoekoizpenak direla. Musikariak bere sosak jokoan jartzen dituen horietakoak. Ahuldade ala indargune? Eztabaidatu dezakegu luze, baina ezin ukatu euskal autoekoizpen musikalarena fenomeno garrantzitsua dela. Zenbatetan den hautu ideologiko/artistikoa eta zenbatetan, aspaldi, erretiradan datorren industria musikalak eragindako urratsa.

Edozein modutara, industria alternatiboa bihurtzen ari da autoekoizpenaren ingurukoa. Bejondeiola. Zer pentsatu eman beharko liguke datuak, lehenik musikarioi (uste dut etxeko-lanak ongi egiten ari garela), bigarrenik diskoetxeei, baita hedabideei ere. Baina, batez ere, kultur politikak diseinatzen dituztenei, bueno, behingoagatik herri-musika serio hartuko balute, behintzat.

(GARA 2018/01/18)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up