Kantuen ekosistemari buruz

Argazkia: Sera Rodriguez

Aitortzen dut, aspaldi ez nengoela hain beldurtuta emanaldi baten aurretik. -Kaka eginda nago- esaten nien galdetzen zidaten guztiei, eta ez zen gehiegikeria. Etxean kantu horiek kantatzea (denak ezagunak!), gehienek istorioaren nondik norako guztiak ezagutzen zituztela; bertan zegoen entzuleetako asko gurutzatu izan dugu ama eta bion paseoetan, kantatzen ari ginen areto horren albotik igarotzen ginen egunero… Aspaldiko partez, Hernanin hain baldintza txukunetan kantatzea… Denak egiten zuen bereziki esanguratsu ostiraleko emanaldia.

Bezperan, Gasteizen, behin baino gehiagotan, zurrupatu behar izan nituen malkoak, beraz, etxekoa are hunkigarriagoa izango zela aurreikusita, uneren batean tenpleak huts egingo zidala aurreikusten nuen. Ez dakit, oso sartua nengoen emanaldian, eta hori, bestalde, oso seinale ona zen. Kantuak ongi entseatuak nituen (stompboxa etxean utzi nuen ez despistatzeko). Etxeko lanak ongi eginak nituela esango nuke, eta gainera, banuen, azkenean, mugarri gertatu zen arma sekretua patrikan gordea. Beñardo Goietxe… hain zuzen ere.

Oholtzan hura sumatzea, han, eskuinean, uffa! Sekulako lasaitasuna. Kantatzen hasi bezain laster hasi nintzen hobeto sentitzen, eta lehen leloan, Beñardon koroak, -igerilariak basamortuan…- entzutearekin batera… airea etorri zitzaidan biriketan barrena… gustura kantatzeko adina aire. Uste dut gau hartan Beñardo Goietxe izan zela nire aingura partikularra.

Ez da hori, ordea, emanaldi horretako aurkikuntzarik nagusiena. Gau horretan, estimatzen nuen jendez betetako kapera horretan, ohartu bainintzen, hura zela kantu haien ingurune naturala, han hartzen zutela zentzurik handiena, han kantatzeko eginak zeudela, hein handi batean. Ondorioz, jabetu nintzen kantuek ere badutela, beste izaki bizi guztiak bezala, ekosistema bat, sustengatu, biziarazi, babestu, elikatu egiten duena, eta kantuak beste elementu guztiekin elkar-eraginean bizi dela; lekuak, pertsonak, uneak, usteak, asmoak…

Jakina, kantuek, beste izakiek bezala, zentzua dute bere ekosistematik kanpo, baina, bertan, ematen dute beretik onena, bertan ulertzen dira haren joskerak, haren bizi-estrategiak, aurrera egiteko hartu dituen erabaki oro. Bertan dira kantuak izaki oso, eta zer gara kantagileak, kantuak aukeratutako bitartekoa baizik. Ekosistema horretako beste erleren bat.

Benetan diotsuet, halaxe sentitu nintzen ostiralean Hernanin. Izugarria izan zen.

Argazkia: Sera Rodriguez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up