Dagoeneko egin ditut emanaldi batzuk disko berriko kantuak aireratzen, eta harrigarria da zer nolako adeitasuna erakutsi didaten hainbat pertsonek. Kantuok, neretik adina dute besteetatik, edo hala iruditzen ari zait niri. Eta ez nuen uste. Hain lan pertsonala izan da hasieratik…. “Nire sentimenduei hitza jarri diezu”, esan zidaten Txondorran. Dena hain zuzen kontatzeko adorea eskertu zidaten, behin eta berriro, Hernanin. “Kantu guztietan azaldutakoa bizitu izan dut…” aitortu zidan emakume hunkitu batek Orexan. Zaintza lanen garrantziaz ohartarazteagatik eskerrak eman zizkidaten Oñatin.
Zalantza handiak ditut oraindik disko honen aurkezpenek egingo duten bidearekin. Zaila iruditzen zait zarataz betetako tabernaren batean, kantuok, behar bezala, “defendatzea”. Ohituta nago, horrelakoetan, jendea “toreatzen”, baina, Gasteizko emanaldiaren ondoren oso lagun on batek emandako aholkua jarraitzen saiatuko naiz: “Morau, ez dituk zertan txisteak egin, kantu hauek nahiko sentimendu ernarazten ditek bere horretan, heuk ikusi, baina erabaki beharra daukak”. Eta erabaki dut.
Apirilean taberna pare batean kantatuko dut eta, horixe izango da probarik onena. Horren arabera jokatu beharko dut hemendik aurrera.
Eta tabernetan ez bada, non kantatu? Ez dakit oso ongi, baina bien bitartean, emanaldi berezi pare bat sortu zaizkit, Erizaintza Eskolako estrainekoaz gain. Apirilean bertan, Xabier Mendigurenek kaleratuko duen, Zu Entzuteko Gaude liburu berriaren aurkezpenean parte hartuko dut, kantuan eta idazlearekin solasean. Maiatzean, Zarauzko Literaturiaren programaren baitan burutuko den mahai-inguru batean hartuko dut parte, Andu Lertxundi eta Maddi Zubeldiarekin batera, han ere izango da kanturen bat. Horrelakoek ilusio berezia pizten didate, eta espero dut, bene-benetan antzeko gehiago sortzea.
Bat dela, bestea dela, zaila begiztazen zait aurrekoarekin lortutako emanaldi kopurura arrimatzea. Ikusi beharko zer gertatzen den, baina kantuotako gaiak batzuentzat esanguratsu eta adierazgarri diren moduan, beste batzuen uxagarri izan daitezke. Yin eta yan, denon gustua ezin egin, hauxe da dagoena, kantuek aukeratu naute ni… Nahi duzuena, baina ez dut uste gazte askorik ikusiko dudanik emanaldietan. Hori bai litzatekeela ustekabea.
Ustekabea ez, MIRARIA!