Bai, gerta liteke Iruñea izatea gure New Orleans, Arga, berriz, Mississippi eta Arrotxapea, zergatik ez, Treme auzoa. Txarangak ez dira falta, ezta musikaz kalean gozatzeko ohiturarik ere. Janariaz zer esanik ez, ajoarrieroa litzateke gure gumboa, eta edariaz hobe ezer ez esan, ez da faltako-eta Mardi-Grassik zintzurra ederki bustitzeko. Ados, ez dago itsasorik, baina zer euskal-beltz-kreolek behar du halakorik Broken Brothers Brass Band edukita? Halako soinu bandarekin, ez ditugu faltan sumatuko Mexikoko golkoko enbatak (ziertzoak jotzen al du Iruñean?). Eta bai, agian, gehiegizkoa irudituko zaizu sarrera hau, baina, ez al litzateke estrategia ona nabarrismoa eta bestelako ku-klux-klan guztiak despistatzeko?
Laugarren diskoa dute, eta txiste erraza edo kopia eskasa izateko arriskua lehen diskoarekin gainditu bazuten ere, beti dago, hain genero-musika egiten denean, inor pozik ez uzteko arriskua; eskasegia eta pueblerinoa batzuentzat, fotokopia hutsa eta arrotza besteentzat. Eremu horretan mugitzen dira, oro har, gurean musika beltza hain modu zintzoan lantzen dutenak. Izan jazza, izan rhythm and bluesa, izan soula… Ariketa ederra da Txertaketa sendo honen kredituak irakurtzea, kantu hauen atzean dagoen… horixe ba; txertaketa ausartaz, jabetzeko. Balerdi Balerdi eta The Mohawks, Artze eta Raperos de Emaus, Imanol eta Ben Harper… Lanak edukiko dituzu euskal disko batean izen hauek (eta beste batzuk gehiago) zerrenda berean topatzeko.
“Agur jaunak” ezagunarekin hasi eta bukatzen dute (ideia ona hitz apostolikoak ez kantatzea), eta lehen kolpea dator; “Monstruito Special” eta oinak dantzan hasiko zaizkizu, eta sumatuko duzu taldeak asko irabazi duela sendotasunean, haize-tresnen arteko enpastean. Entzungo duzu oinarri-erritmikoak bikain mantentzen duela tentsioa, eta beharrezkoa denean, garrasi egiteko gogoa piztuko dizute, airera jauzi egiten duten tronpeta horiek. “Greba mugagabea”-k erritmo lasaiagoa ekarriko du, ahotsek aditzera ematen duten melodia hautsian. Baina “Martin & Marcela” kutsakorra etorriko da segidan, eta hartuko duzu katxia berriro, eta hasiko zara «Martin eta Marcela, Marcela eta Martin…» txarangetan kantatu beharreko lelo eternal horien ildoan, ukitu latinoen artean. Ezin falta hip hoparekiko zubirik, Imanolen “George Jackson” (belztasunaren beste ikonoetako bat) gogora ekartzen duen “Xuri guztiak ez dira irinak” kantuan. Dena dela, aurrekoarekin alderatuta, askoz ere txikiagoa da honetan MCen ekarpena, eta, gure uste apalean, horrek asko sendotzen du azken emaitza, despisterako aukera gutxiago emanez entzuleari.
Kantuz kantu jarrai genezake; Duten “Ezjakitasunaren kateak suntsitu”-ren bertsio instrumentala blackexplotation erara, “Eljhadi Ndiaye”-ren afro-reggae kutsua, “Geure gainetik” dantzagarria… eta “Agur jaunak” berriro. Bukatu da, ez da Katrina izan, agian Pirinioetatik heldutako aire bolada bat. Baina gure entzungailuak dardarrez utzi ditu.
Berria (2018/04/15)