Joan denekoan, lagun baten zuzeneko emanaldia ikusten ari ginela, eskola garaitik gertatzen ez zitzaidan zerbait gertatu zitzaidan, eta kontatu egingo dizuet, lotsa apur bat ematen didan arren. Hara non, kontzertua amaierara iristen ari zela, aurreko lerrotik, beste ikusle bat gugana etorri eta ea pixka bat isildu gintezkeen eskatu zigun, adeitsu baina serio. Itxura “modernoko” gazte biboteduna zen (zer ikusirik ez gure ikastola garaiko andereñoekin), ziurrenik, puska bat zeramana gure ahotsak entzuten eta, azkenean, zerbait esatea erabaki zuena.
Ez zidan grazia handirik egin, nahiz eta arrazoi zuela susmatu. Nire ustez ez ginen hain ozen hitz egiten ari, ezta hainbeste ere. Zutik egoteko jaialdi horietako bat zen, ekipo puska bikainarekin, pop musika (hauskorra, hori bai), garagardo bat eskuetan… Baina hala eta guztiz ere, arrazoi zuen. Nardagarria delako musikarekin disfrutatu nahi duenarentzat, halako interferentziak sumatzea inguruan, eta gainera, ongi egin zuen esaten, ze demonio, zergatik jasan behar zuen hark gure kalakarik? Baina, zer esango dizuet, hala eta guztiz ere, ez zidan batere grazirik egin. Gure deskarguan esango dut eguerditik genbiltzala kalean eta espres etorri ginela Hernanitik Donostiara, kontzertua ikustera , ez zela kasualitatea han egotea…, eta zer?
Ez, gertakari honek ez du irakaspen handirik, baina penitentzia gisara, entzuleei hitz egiteko eskatuko diet Morauren hurrengo hiru emanaldietan, baladarik mingotsenekin ari naizenean. Bai, bai, serio diot.
GARA (2018/04/12)