“Jo al du telefonoak?” galdetu nion duela bi hilabete, “inork eskatu al dizu nire berri?” duela hilabete. Hamabost egun igarotakoan “ez al dago mezurik erantzungailuan?” eta “ziur ez duela egin inork nire galde?” urgente bat duela astebete. Egunek, artean, bere bidea egin dute, ordenu eta logika erabatekoarekin. Nire azken saiakera duela bi egun izan zen; “nola da posible inork ez deitzea?” etsi eta erretxin bat. Ez, ez zegoen inoren deirik.
Ondoren, errealitatea onartu eta aurrera egitea baino ez dut izan, argi baitago MTVko inork ez duela nire atea joko, uka ezin daitekeen urrezko eskaintzaren bat egiten; ez dakit, ditxosozko sari banaketako luntxetako batean trapezio batetik Urkoren Guk Euskaraz kantuaren bertsioa kantatzea. Edo komunean, jakin ezazu zertarako, zain daudenei itxaronaldia atseginagoa egiteko, Morauren grazia eta umorearekin Pernando Amezketarraren pasadizo batzuk kontatzea. Bai irakurle, neu prest ,… ia ia edozertarako. Baita, han izango den buila, zarata eta demasarekin, jaurlaritzak bidaliko duen kargurik altuenari belarrira, goxo-goxo euskal-klasikoren baten bertsioa (Goazen estilora) kantatzeko.
Baino ez, ez naute kontuan hartu. Zergatik ote? Bai, beno, imajinatzen dut ez nautelako ezagutzen, bestela… Jakingo balute zer pertsona otzan, umil eta baketsua naizen, norainoko interesa dudan azken hamarkadetako gertakari-musikalik garrantzitsuenean nire apurtxoa gehitzeko. Ez dakit hobeto azaltzen, MTVko jaun-andre txit agurgarriak, mesedez, dei nazazue, besterik ez bada kanapeak banatzeko, hori ere graziarekin egiten dut.
Gara 2018/10/25