Sukaldetik kantatua bezala

Lehenik eta behin, eta hasieratik argi geratzeko, esan behar dut asko gustatu zaidala Kerobia-ko kantari ohiaren lehen bakarkako diskoa. Azken astean lehenengo lekuan dago disko entzunen etxeko top-ten delakoan. Kantu zuzenak baina sotilak dira, intimistak baina taldearen ezaugarri nagusienetakoa zen epikotasun apurrekin. Gitarra eta ahotsez jantzitako kantuak dira, askoz ere edergarri gehiago behar ez dutenak esanguratsu bilakatzeko.

Labur gertatzen den kantu bilduma da, gustu handiz kantatutakoa, grabatu bezala, etxeko sukaldetik kantatzen ariko balitzaigu bezala. Uste dut oso ongi itzuli dituela Iruñekoak bere pop eraginak, beti presente, kantautore formatura. Iker Lauroba-k badu norekin partekatu euskal pop bakarlariaren titulua.

“Begibakarraren gela” kantuarekin hasten da diskoa, eta ahotsa irristatzen da ukitu folk klasikotik zuzenean edaten duen kantuan. Bandiniren ahotsa zetazkoa da, eta melodiak giro poperoetara egiten du, gitarra elektrikoaren printzek ukitu epikoak gehitzen dizkiotelarik. Ondoren “Begibakarraren bidaia” dator eta, erritmoa alaiagoa izanagatik ere, aurrekoaren ildotik jarraitzen du leloak argitasun txinparta baten moduan jotzen duen arte. Geldoa da, baina a zer melodia puska, baita hirugarrena ere: “Aurkitu zaitut Begibakar”. Eta argi dago lelo ederrak egiteko Iruñekoak duen trebezia.

“Mundua eta arraina” da hurrengoa, berriro ere folk ukitu nabarmenekin, eta zer gozo doan melodiaren bizkarrean. “A Sangre & Fuego” dator segidan, diskoko kantu epikoenetako bat. Melodia lehorragoa da, edonola ere, eta badu kantuak garapen rokeroagoa, baina ez pentsa, ahotsa gehiegi altxatu gabe. “Fantasman”, berriz, pop harribitxi txiki bat da, eta berriro itzuliko da kontu epikoetara “Bizitza berri batekin” laburrarekin. Diskoak amaiera aldera egiten du ondoren, “Ibilitakoak gara” kantuak ere leloan du alderik indartsuena, nahiz eta errepikakorragoa gertatu kantua bere ibilbidean. Bi saritxo datoz gero, “El mundo y el pez”, ederra benetan. Eta bukatzeko, teklek hauspotzen duten A Sangre & Fuego kantuaren bertsio laburra, film baten kredituak bezala.

Hau guztia esanda, egileak disko kontzeptualak egiteko joerari eusten dio; kasu honetan, Begibakarren istorioa kontatuko digu, bere kasara ere, bikain moldatzen diren kantuei osotasuna eta logika literarioa emanez. Alde horretatik, ez dakit noraino heltzen zaion entzuleari istorio hori, nahiz eta hitzak idazteari dagokionez, baita ere, aurrerapauso bat eman eta findu egin duen beste batzuetan erakutsi duen, barka hitza, hermetismorako joera.

Azkenik, disko borobil honi ertzen bat ateratzeko, eta agian edadean aurrera noalako, entzule gisara pixka bat katramilatsua gertatzen zait kantuetan bi hizkuntza erabiltzearena, batik bat, kantu berean uztartzen direnean. Ez naiz ohitzen, kosta egiten zait.

…zer nahi duzue.

Berria 2018/10/21

Xabi Bandiniren bloga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up