Bi hitz musikagintzaz

Beno, eta orain serio jartzen hasi garela euskal musikaren eta euskal musikarien egin behar, ardura, ekarpen eta itzalaz, uste dut bi kontuxo, behintzat, aipatu behar direla. Lehenik eta behin, gauza jakina da garrantzitsua dela oso (hizkuntzarentzat, musikarentzat, musikariontzat) mainstreem-ean lekutxo bat egitea. Gainera, lekutxo hori zenbat eta handiago orduan eta hobeto denontzat. Ados, hortxe utziko dugu, baina euskal musika “sano” eta eraginkorrarentzat, hori bezain garrantzitsu edo garrantzitsuagoa da underground osasuntsu, aktibo eta ongi koipeztatutakoa elikatzea. Ez dute zertan kontrajarriak izan, ez bada, jakina, gure agintari kulturalen begietan. Aspaldi daki musikaren industriak dena sal daitekeela, baita ideiarik iraultzaileenak ere, eta ez die axola. Lehentasunezkoa da, ordea, kritiko, berritzaile, ausarta eta irudimentsua den euskal musika eszenaren bat zaindu, hauspotu eta zabaltzea.

Bigarren kontutxoak zer ikusia du musikarion eta jendartearen arteko harremanekin. Tarte handia dago jaialdiren batean slogandun elastikoarekin manifarako leloak ozen ohiukatzearen, eta gerrilaren batean apuntatzearen artean. Dena da baliagarria, baina ez al genuke musikariok topikoetatik pixka bat haruntzago joan beharko? Ez al da errazena ezkertiarraren plantak egitea, (iaioiak gara inguruotan), baina, hori aski izan beharko al luke? Dagokien garaiarekin harreman estu eta sendoa duten musikariak behar ditugu, eta harreman horrek eragina eduki behar du musikariongan, mundua eta musika ulertzeko moduetan, adibidez.

GARA (2018-10-08)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up