#billybragen15

Ondo gogoan dut lagunen arteko “kasete” trafikoa puri-purian zegoen garaian, kide musikazale batek, plastiko gogorreko kutxarik gabe, eskura eman zidan Basf markako zinta (haiek ziren zintarik merkeenak) -Entzun hau, gustatuko zaik, nahiz eta gitarra elektrikoa erabili- . Billy Bragg izena (gaizki idatzia uste dut) zegoen kasetean, ez besterik, ez kantuen erreferentziarik, ez diskoaren izenbururik… Horrelako hamaika pasatzen genizkion elkarri, handik eta hemendik lortuak, han eta hemen kopiatuak, baina gutxik lortu zuten zinta haren eraginaren modukorik.

Ez zitzaidan erraza gertatu lehenengo entzunaldia, zakarra gertatu zitzaidan, kosta egiten zitzaidan, adibidez, kantuen artean ezberdintzea, eta motozerra baten moduan etengabe egurrean ari zen gitarra elektriko hura! Ez zen disko erraza ez. Pixka bat behartu nuen ene burua, lagunaren aholkua jarraituz, eta bigarren aukera eman nion kantu-bilduma hari. Arrazoi zuen, orduan hasi nintzen azaleko zakarkeri horren azpian kantuak topatzen, ahots urgente eta gitarra askotan monotonoz jantzita, baina melodia eder eta ezkutuz betea, mezuz gainezka eta jarrera iraultzailearekin josia. 80ko hamarkada erdialdea zen, hori poza, posiblea zen kantautore eta punkia batera izatea.

Life´s a riot With Spy zuen izena diskoak, hainbat urtetara jakin nuen, eta nahitaezko erreferentzia gertatu zen  80ko hamarkadan eragin ninduten artistez jarduteko garaian. Urte nahasiak ziren eta, aitortzen dut pista pixka bat galdu niola (ez nuen disko-jogailurik etxean, eta zaila zen beste formaturen batean eskuratzea eta ia “inportazio” bidez, bakarrik, eskura zitezkeen haren diskoak gurean). Eskerrak DRO diskoetxea haren diskoak kaleratzen hasi zen estatu Espainiarrean… Lehenik eta behin, Workers Playtime dirdiratsua, haren ondoren (aurrekoa bazen ere) Talking With the Taxman About Poetry (haren lanik borobilenetakoa), disko-jogailua ere erosi nuen, beraz, handik aurrera nahiko normaltasunez lortu zitezkeen haren diskoak gurean. Hori dela eta, esan dezaket Bragg jaunaren diskografia “ofizial” osoa entzun dudala, behin baino gehiagotan, gainera.

Bakarkakoak, Wilkorekin batera egindakoak, The Blokes taldearekin… Hamarkada luzetako harremana izan da gurea. 80. hamarkadako dirdira, 90.ko lehortea, 2000ko berpizkundea, 2010ko heltze akustikoa… Denak pasa ditut, disko borobilak eta erdipurdikoak, kantu mingotsak, zakarrak eta balada gozoegiak. Den-denak etzun ditudala uste dut. Horregatik, eta gogoa nuelako, eta gure balizko harremanak merezi zuelakoan, artista ingelesaren ibilbidea errepasatu eta zerrenda hau prestatu dut, niretzat esanguratsuen gertatzen diren haren 15 kantuekin.

Hauek dira:

 

Kategoria: Bestelakoak, Musika Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude