Musikari laguna, arrakastaren uholdeek alde batera utzitako sortzaile hori; urteak igaro arren ospearen eztiak probatu gabeko artista, ba al dakizu gutxienez merezi duzun lekutxo bat underground kategorian. Ez dakizula? Lasai galdera hauek erantzuteak lagunduko dizu hori argitzen:
Agi denez, jendeak ez badizu kasurik egiten urrats sendoa eman duzu zure burua undergroundaren partaidetzat hartzeko, baina bere horretan ez da aski. Inoiz egin al diozu muzin komertzialki funtzionatu baina, ideologikoki kontraesankorra gertatuko litzaizukeen eskaintzaren bati? Horri lotuta, baina beste aldetik begiratuta, deitzen al dizute kausa solidarioren baten aldeko jaialdietara baina, bakarrik, antolatzaileek dirurik ez dutenean? (Dirua dutenean, jakina, arrakasta gehiago duten taldeengana jotzen dute-eta).
Badira egin beharreko galdera gehiago, adibidez, gauza bera al dira entzuleak eta erosleak? Saltzea eta zabaltzea? Sortzea eta klonatzea? Profesioa eta prozesioa? Benetan, inoiz jarri al zara horretan pentsatzen? Ez bada hala, kontuz, oso zabalduta dago “postureoko” undergrounda, industriak bereziki maite duena, eguberritako kotilioietan kolorea ematekoa. Ez izan otso larruko ardia. Eta ez kontsolatu gehiegi prentsa musikalak kasu apur bat egiten dizulako, noiz lortu dute arrakasta kritikariei gustatzen zaizkien taldeek?
Lau galdera baino gehiagoren erantzuna bai bada, izorratuta zaude, arrakastarik ez eta gainera ezingo duzu undergroundaren eztirik dastatu.