Enaren kontrako bidean

Enaren kontuak
2princesesbarbudes
Gaztelupeko hotsak 2018

 

Ezin beste era batera izan, enara hauek euskal herriratu zaizkigu beste guztiek hegalak Sahel gainean astintzen dituzten bitartean. Noski, hegazti hauek ez dituzte modak jarraitzen, ez dituzte hotelak erabiltzen eta bai, ordea, zuhaitzetan bio-eraikuntza bidez eraikitako habiak. San tomas eta Olentzero hemen ospatzeko asmoarekin heldu dira, gainera. Hauek bai enera xelebreak. Marc Marcek eta Helena Casesek osatzen duten 2princesesbarbudes taldearen bigarren euskarazko lan luzea ekarri dute, gainera mokotik zintzilik, Kataluniatik honako bide luze eta arriskuz betetakoan.

Lehenik eta behin, aipatu behar ez dela erronka erraza, hain musika jakina egiten duen talde baten bigarren diskoa. Pilarik gabeko jostailuekin, batez ere, haurrei zuzendutako musika egiten dute, hortik atera kontuak. Lehenengoan freskoa, jostagarria eta erakargarria gertatzen den proposamena, bigarrenean astuna, aspergarri eta errepikakorra ere gerta daiteke, batez ere, jolas arauak hain zehatz eta zorrotzak direnean. Hori dela eta enara hauen hegaldia ez da erraza gertatu, edo hala iruditzen zaigu guri. Baina, lasai hemen daude, iritsi dira eta onik gainera.

Eta zer berri dakarte Enarek? Bada, laukote bihurtu izana da berririk nagusiena, hiru hariko gitarra elektrikoa eta baxu akustiko txiki bat gehitu dizkiote aurreko xilofono, pianola eta turutei. Horrek asko sendotu du taldearen proposamen musikala, eta horren ondorioz,askoz ere poperoagoa gertatzen da diskoa bere osotasunean. Batik bat Enarak Gara kantagarrian, rock steady ukitua duen Enaren Menuan, edo amaierako Goazen Hegan bikainean. Horri gehitu, alde bateko bossa ukituak (Kumeak) edota herri-musika katalaneranak (Tsiuit) eta laster batean ohartzeko modukoa da, alde melodikotik disko honek ekarri due aurrerapausoa.

Baina, lasai, hor jarraitzen dute jostailuzko musika tresnek, denari ukitu pertsonal eta berezia emanez, nabarmen utziz taldearen musika ez dela oso ohikoa. Egia da, agian protagonismo apur bat galdu dutela aurreko Gaueko Entziklopedia Koxkorra diskoarekin alderatuta, baina kantuen sendotasunaren mesederako dela aipatu behar. Hala eta guztiz ere, une gogoangarriak utzi dizkigute, Hara eta Honaren sarrera zinematografikoa, besteak beste.

Aurrekoan bezala, diskoaren bi bertsio daude; bat katalaneraz Sempre De Vacances (taldearen web orrian eskura daiteke) eta euskaraz bestea, Enaren Kontuak. Horretaz gain, Uxue Alberdi aritu da bertsio euskaldunerako testuak egokitzen eta Tapiaren ahotsak soma daitezke hainbat kantutan. Ez dago gaizki dokumental ornitologiko-musikal batentzat. Ez dituzula ezagutzen enaren bizitzen sekretuak? Entzun disko hau bizpahiru aldiz eta ikasiko duzu, ez lotsatu zure buruaispiluan ikusterakoan, bestaldean pertsona heldua dagoela uste baduzu. Itxi begiak eta gozatu lasai.

Kategoria: Berria, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude