Lotarako ipuina kortxo-kentzekoarentzat

Ez dakit zergatik ez dioten ematen Nobel sariren bat kortxo-kentzekoa asmatu zuenari. Ez da txantxa. Badirudi XVIII mendetik datorrela ardoa kortxoarekin estaltzeko ohitura, eta beste askotan bezala, ez dakigu nork asmatu zuen baina bai, nork patentatu zuen 1795 ean (komertzioa lege). Ez da harentzat “ipuin” moduko hau, bai ordea halako tresna ezinbestekoa asmatu eta ondu zutenentzat (ziur bat baino gehiago izan zirela). Imajinatu zein tristea litzatekeen kortxo-kentzekorik gabeko mundua (ardoarenak 07).

Ilargia ardo botilan
erori zen
jostatzen ari zela
hortzean
horrela sortu zen gaua
ubel
likits
eta mahatsaren kristalak
asteroide
naufragio
ustekabean

orduez geroztik
gaua preso

gaixo ilargia
Beirazko ziegan itxia
uher beltzean zopatua
hain txikia

kanpoan berriz

dena argia
dena lana
dena lo ezina
lur azalean esklabo
bizidunak

ezin amets eginda

nork aterako botilatik ilargia?
saiatuta ere
nori leporatu balentria?

mozkor bat hurbildu zen behin
kulunka bide erdian
barre egin zioten
tresna ezezaguna

patrikatik atera zuenean
oker
aldrebes
itsusi
herdoildu
bihurgunez betea

are barre gehiago
botilaren muturrean
trastea sartzean

isiltasuna egin zen
metalak
kortxoa zulatu zuenean

harridura sortu
tramankuluak
bidea egitean

eta
mozkorrak
besoarekin tira
kolpe batez
kendu zion botilari estalkia
eta atera ziren
ilargia
izarrak
planetak
uholde betean
hauts siderala
eta iluntasun lurrina
gaueko izaki guztiek
estali zuten zeru erdia
egunari utzita beste zatia

horregatik
egunak eta gauak
txandaka
konpartitzen dute zerua
eta kortxo-kentzekoari esker
badugu
atseden
plazer
hartzeko tartea
kortxo-kentzeko pobre bati zor diogu

ezkutatzeko
ihes egiteko
eskubidea
eta nola ez

amets-gaiztoetatik
lokartzeko unea

eta epilogoa

mozkorrak
hori eginda
trago luze bat eman
eta urrutiratu egin zen
botila esku artean
oraindik egarri zen
hori zen guztia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up