Herri-musikaren alde askotarikoak

Hil Zara
Ibon RG
Recuperador 2019

Ez, edertasuna eta zailtasuna ez datoz beti eskutik. Beraz, hau diska ederra dela esanda, hitzaren zentzurik osoenean, ez pentsa entzuteko lan izugarria eragingo dizun disko horietako bat denik. Gordina? Bai, ez bilatu alferrikako edergarririk kantu-sorta honetan. Mamitsua? Bai musikalki, eta baita hitzei dagokienez ere. Euskal herri-musikaren erreferentzia etengabeak agertzeaz gain, musikalki, une jakinetan, ateak irekitzen dizkielako abangoardiazko hainbat joerei; atonalismo apurren bat, expresioaren nagusitasuna teknikaren gainean, minimalismoa, eztarria musika-tresna gisara erabiltzea… Eta noski, 16 kantu hauetan agertzen diren gaiak ez direlako txiste lehiaketa bat antolatzeko moduakoak gertatuko. Baina, batez ere, disko bilutsia da, ahotsa eta pianoa bakarrik eta libre dabiltzalako 16 kantu hauetan zehar. Bi diskoek osatzen dutenez lana, batean dauden zortzi kantuak ahots hutsez datoz, eta beste zortzirak, berriz, pianoaren laguntzaz. Baina, hala eta guztiz ere, ez da disko zaila eta saiatuko naiz azaltzen.

Ez da disko zaila, kantuak nagusi direlako, eta kantuen barnean melodiak nabarmentzen direlako, hain melodi borobil eta fidelak kantuak handitu egiten direla entzunketekin. ( Ganduta Da, Eremiten Zortziko Hautsia edo Egunean horren adibide, ez bakarrak, baina bai nabarmenak). Ez da disko zaila, ahots-kolore askotako diskoa delako, zuberotar kantarietatik (Hil Zara I, Indar Amini Bat), Ez Dok Hamairuko alde existentzialistarenera doazenak (Dudaren Domina), bidean chanson eta pop ukituak utziz (Zure Elea). Bagenekien sestaoarra musikari bikaina zena, baina, orain kantari bikaina ere badela azaldu digu, ahotsaren expresibitateari etekin izugarria ateratzen diona, beldurrik ez duena kurrinkan erori eta gero garraisian altxatzeko.

Ez da disko zaila, kantuetako pianoa-lerroak ez direlako batere abstraktoak, eta ederki azpimarratzen dituztelako kantuen une, orain dramatikoak, orain bareak, orain ekaitzez jositakoak (Ito Errota). Ez da disko zaila musikariak asmatu egin duelako herri-musikaren eta esperimentazioaren uztarketaren alkimia horrekin, gozo eta miketz, lur eta zeru, kultu eta herrikoi. Eta ez da batere erraza, nahiz eta erreferentzia batzuk eduki inguruan (Laboa, Axiary, Etxekopar…).

Ez dakit merezi duen horrelako lanak klasifikatzen saiatzeak, adibidez, disko esperimentala dela esateak, nolanahi ere, ezperimentaziotik baino hurbilago dabilenean herri musikatik. Ez dut uste merezi duenik disko “arraroen” kutxa apartatu horretara kondenatzerik, itzala utziko duen (utzi beharko lukeen) lana baita hau.

Berria 2019/01/27

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up