Ardo merkearen apologia

Istoriotxo honek badu zerbait asmatutik, baina, egia da gure aitak uste zuela, beste askok bezala, ardoa zenbat eta zaharrago, orduan eta baliotsuagoa zela. Ez zuen kontuan hartzen ardo bakoitzak duela bere denbora, eta botilaratutakoa eskasa bada hasieratik… agortua duela ardo horrek epea. Edan ezin den zenbat ardo ez ote da gordetzen okasio berezi horietarako! Zenbat ozpin eta cognac bataio eta ezkontzetarako. Horren gainekoa da testu hau, baina baita ardo merkearen apologia ere.

Gure aita zenak Savin botila bat gorde zuen luzaro
eta etxean altxor bat zuela uste zuen hainbeste urte eta gero
hautsak jan zuen jangelako armairuko edaritegian
Licor Cuarenta y Tres eta Whisky Dyc kondarren artean
noizean behin gogoan hartu eta harro esaten zuen
bazuela hogeita hamar urte baino gehiagoko ardo-botila
topa

aitaren fortuna zen hura ameslariak behar du abilezia
hainbeste gerra-galdu miresteko
ahaztu egiten zuen nonbait ondu eta higatu aditz bera direla
ez esan hari ardo horrek ez zuela ezta ozpinetarako balio
Parkerrek oka egingo lukeela kortxoa kendu eta berehala
sommelierren infernurik beltzena mereziko lukeela
ez duela Roschildar batek New Yorkeko enkante batean
sei mila euro edo gehiagoren truke eskuratuko
Savin botila hura baizen aitaren altxorrik preziatuena
topa

horregatik ez dugu bota eta nola ireki halako harri-bitxia
hantxe dago oraindik armairuko edaritegian

Bombay Gin eta Pampero  kondarren artean
amets ero bakar batek edozein ardok baino gehiago balio duelako
pobrearentzat ardo txarrik ez dagoelako tolerantzia miresgarria
eta kaikua behar duelako pertsonak gozamena ardoaren prezioarekin neurtzeko
topa

Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude