Ardo eta arrosa egunak (ardoarenak 9)

Ez da kasualitatea filmaren izen bera jartzea, Days Of Wine And Roses, istorio honi. Alkohol-zaletasunaren gaineko drama puska da filma, bere gordintasunean. Kontu moralik aipatu gabe, burua zuritu gabe, baina ardoarekin  gora eta behera aritzean, zilegi da alkohola  hondamendia ekar dezakeen droga legal (baina gogorra) dela aipatzea, nahiz eta horretarako, normalean, jendeak ez erabili erreserbako ardorik.

Gainera badu harreman berezia musikarekin, batik bat Dream Syndicate talde estimatuaren bigarren diskoari esker. Bai, lotsa gutxi behar da horrelako bi arte-lan puska aipatu eta ondoren testu bat argitaratzeko.

*(Jakina, ezinbestean aipatu behar izan ditut, mesedez, ez alderatu ez bat eta ezta bestearekin ere).

Ardoa edan izan dut
azken tantaraino
ondoren
botila hutsean mezua sartu
eta marearen menpe uzteko
gutxi gora beherako koordenadak
adierazi
eta
ene denbora
agerian uzteko
baina
baporeak igaro dira
botilak bezala
bata bestaren atzetik
zoritxarrez
inork ez du hatzeman
seinalerik

badirudi
ez dituela inork naufragoak
gehiegi maite

azkenaldian
ikusezina naiz
baita
nire buruarentzat ere
hain motel doa dena
hain pisu
horregatik
tetrabrikean edaten dut ardoa
arrastorik ez uzteko
bidaltzen ez diren mezuak
zenbatzen ez direlako
eta
bide batez
hondamendira iristeko
bide azkarragoren bat
topatu ahal izateko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up