Errepide bakartietarako musika

Larra Bideak
Larra bideak
Autoekoizpena 2019

Ez dakit zergatik ote den, baina batzuetan, lehenengo kantuaren lehenengo akordea entzunda badakizu diskoa gustatuko zaizula. Ezin zehaztuko sentsazioa da, intuizio moduko bat, gutxitan huts egiten duena. Nork daki zergatik gertatzen den, zeren araberako ustea den hori, zer hartzen duen kontuan zure buruak hori ebazteko, baina, horixe gertatu zait Iñaki Larraiotzen lehenengo lan honekin, eta ez uste, diskoak entzunaren entzunez, ez da askotan gertatzen zaidan zerbait.

Egia da Zoruak kantuari sarrera egiten dion gitarra sotil, biluzi eta erritmiko horrek, dagoeneko, asko eman dezakeela aditzera bere bakardadearen, baina ondoren, datorren balearen konkorra da, nolabait, hipnotizatzen zaituena. Ahots gozoa, kantaera apur bat “utzia” (kantuen giro eta melodiei ederki itsasten zaiona) ezer berezirik ez antza, baina kantu ederra da, dirdira handirik gabea, baina noiztik behar du dirdira melodia on batek, nahiz eta sinplea izan (edo agian, horregatik). Erritmo apur bat gehiagorekin hasten da Lemak, hurrengoa, bateria suabe bat, eta harmonika dena janzteko. Diskoko kanturik “alaiena”. Beraz, bigarrenarekin badakizu pop-folk barnerakoiez beteko zaizula gela hurrengo ordu erdian. Berriro ere, sentsazio bera, ezer berezirik ez, baina zer ondo funtzionatzen duen leloak, argitasun apur bat zabalduz inguruan.

Moteletik doa hirugarrena, geldo datoz Koreografiaren hitzak, silabaz silaba ahoskatuta bezala eta bi gitarra jokoan; akustikoa lehenengoa, oinarria jarriz, eta elektrikoa bigarrena, gero eta presenteago dauden marrazkiak eginez, baina, bateriak azken minutu bat eskaintzen dio kantuari, eta honek gora egiten du, zarata handirik gabe, baina irmo. Beste kantuak ere ez du entzulea asko estutuko nahiz eta hasieratik bateria eta baxuarekin jantzita etorri. Leloak egiten ere sotila da kantaria. Ez dakit badagoen Abuztua baino balada geldoagoa egiterik, metronomoa ere nekatuta dabilela dirudi, eta zure alboan belarrira xuxurlatzen dizun ahots hori. Epikoagoa da Su, hasiera hasieratik, nolabait, rockeroagoa, danbor urrunak, giroa lantzen du kantuak eta entzulea hartara eramaten duelarik. Onena, ordea, bukaeran dago, ukeleleak erakusten digulako zer alde txikia dagoen zerua eta zoruaren artean, nahiz eta zeruak musika-tresna gehiago eduki. Ez da bukaera txarra, laburra gertatzen den zazpi kantutako bildumarako.

Disko garbia da, artifiziorik ia gabekoa, sinplea ustez, baina gozamenerako tartea ematen duena. Gustu ona duen eta esateko asko eduki dezakeen kantari baten bisita-txartel ezin hobea da, nahiz eta, esan bezala, laburra izan. Egin proba, jarri autoan mendi-errepide bakartiren batean gidatzen ari zarela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up