Kaliforniako mirariak

 

(Ardoarenak 14) Mondovino dokumentaleko (Jonhatan Nossiter 2004) bi pasartetan oinarrituta dago hurrengo istorioa. Zuzendariak bidaia egiten du Kalforniako Napa bailarara bertako ardoen mundu-mailako eztandaz aritu, ardogile nagusienetako batzuekin hitz egin eta haien luxuzko bodegak bisitatzeko.

Dokumentalean 10 minutuko kontua da, baina, haren ondorioz sortutako telesailaren 10 ataletako bat eskaintzen dio Kaliforniara egindako bidaiari, eta galdera bat dauka buruan: zergatik ikusten dituen langile guztiak mexikarrak izanda ez dago ardogile mexikarrik Napan?

Kontuan hartu behar da, batik bat, Kalifornia Mexiko izan zela eta Espainiar fraideek eraman zituztela mahatsak bertara XVII mendean. Beraz, suposa daiteke, mexikarrak izan zirela ondoren ardogintzari ekin ziotenak. Dena dela, XIX mendearen erdialdetik aurrera gertatutako “urre-sukarrak” bultzatu omen zuen, erabat, Kaliforniako ardogintza. Txinar langileei zor omen zaie, mahastigintzaren hedatzea, haien lanak elikatu baitzituen XX. mende hasiera arte, etorri berri andanaren egarria asetzeko han eta hemen sortutako bodega berriak.

Eta horrela izan zen, “lege-lehorra” delakoa iritsi, bodegak itxi eta mahastiak suntsitzen hasi ziren arte. Eta hortik aurrera, beste aro bat hasi zen bertako ardoarentzat, munduko ardo-ekoizle nagusienetakoak izatera eraman zituena. Baina hori, beste baterako utziko dugu.

Shari Staglinek dio ezagutzen duela
haien hamasei hektareatan
lan egiten duen mexikarretako bakoitzaren izena
badakiela nor den Pedro eta nor Luis
Mariaren alaba bihar ezkondu
eta Mercedes etorriko dela
lorategiko artelan garaikideei hautsa kentzera
Napako bailaran ardoa egiten duen mexikarren bat
ezagutzen ote duen galdetuta
ordea
bakarraren berri ez duela
aitortuko du natural
mexikarrak nekazari ezin hobeak direlako
ongi ezagutzen dituztela mahastiak
lur-jendea delako
menderatzen dutela eguzki eta itzalaren artea
bailarako ekoizle guztiek estimazio handia dietelako
egunero eskertzen diela egiten duten guztia
baina
sinplea da
familiakoak diren arren
mexikarrek ezin dute ardorik egin
ez dutelako maite ardoa edatea

bataz beste berrehun dolar balio ditu
Staglin markako ardo botila bakoitzak

Adeitsua da Shari
baita ere Robert Mondavi bizilaguna
ustez inongo mexikarrek edango ez dituen
ehun eta hogei milioi litro ekoizten ditu urtero haren bodegetan
Mitchel Kling ekoizpen-buruak arretaz begiratzen ditu
mahasti-sailetan ari diren langileak
hark ere hitz ederrak baino ez ditu
bizkarra makurtuta mahastiei hostoak kentzen ari direnentzat
lege zaharrekoa da Mitchel maite du konfiantza
emandako hitza
nork ez luke hobetsiko bada
nekazari mexikar baten lan-jardunaren tamainakoa den elkar-ulertzea
horregatik dio
langileak zoriontsuak direla
eta beraz ez dutela sindikaturik nahi
nekatuta datoz itzaletara hamaiketakoa egitera
zer uste du haren alboan
betebeharra utzi eta une batez burua altxatu duenak
Mariok?
Rosak?
Ernestok?
Inesek?
nagusiari begiratu 
ahapeka baietz esan eta berriro makurtu bada

haize gozoa malda berdeei itsatsita
mahasti lerro bihurrien bagak
eguzki printzetan keinu
Kaliforniako miraria
nork ez luke izan nahi
Napako ardogileentzat lanean ari den 
Mexikar nekazari zoriontsu horietako bat

Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude