Arteak Ireki, zabaldu belarriak, zorroztu begiak ez baita zaila ohartzen elkarren arrimuan badagoela, gerizpeaz gain, indar eta kemen apurren bat. Triunfalismo eta harrokeria handirik gabe, badaezpada. Garaipen moduko bat lortu ondoren erretiratzen den gudarostearen moduan, nor bere entsegu-lokalera, edo antzeko zuloren batera, itzuli baino lehen, hartzen duzun arnas hori.
Imajinatzen dut musikarien ahotsak baino karga handiagoa eduki duela ostalarien “lobbyaren” botere faktikoak, eta batez ere, hauteskunde bezperetan egoteak, baina ez da oso normala, hemen behintzat, agintariek musikariei jaramon egitea. Ospa dezagun beraz, ospatu beharrekoa, nahiz eta oso ongi ez jakin zer den datorrena, eta adi, hemen boterean dagoen alderdiaren “bipolaritate” muturrekoa ezagututa, jakitzazu zer demonio tokatuko zaigun aldiroko demokrazia simulakroaren emaitzak argitaratu ondoren.
Hala eta guztiz ere, asko aitortu eta estimatu behar diogu Arteak Irekiri. Lehenik eta behin, agerian uztea, posible dela musikariak zerbaiten gainean elkartu, eta gure ahotsa entzun araztea. Horretarako, une honetan, orain arte gaindiezina zirudien gremioaren atomizazioari izkin egin diezaiokegula erakustea, hori izan daiteke bigarrena. Guzti hori egiteko, berriz, azpiegitura konplexu, hausnarketa sakon eta ekimen instituzionalak baino, egokiagoak direla, abagune aproposa aukeratzea, komunikazio eraginkorra garatzea eta ekimen zuzen eta sinpleak antolatzea. Hauxe hirugarrena. Guzti honengatik, beraz, mila esker.
(GARA 2019/03/28)