Transmisioa

Lagun bat oso kezkatuta mintzo zitzaidan euskal musikaren transmisioa zela eta. Egunkarian irakurri omen zuen, EAEko ikasleei egindako inkesta batean, %20k bakarrik zekiela Ruper Ordorika nor zen, %80k, berriz, Miguel Boseren berri zuelarik. Ez dakit zer adineko ikasleak ziren, baina, gazteak baziren, jar dezagun 23 urtetik beherakoak, ez da batere harrigarria Ruperren arrastorik ez edukitzea. Non demoniotik atera dute, ordea, Migel Boseri buruz dakiten hori?

Zeren eta euskal musika ez da gai kurrikularra ia inorentzat, argi dago, baina gehiegizkoa irudituko litzaidake ikastola, eskola eta bestelako hezkuntza-instituzioek arreta berezia eskaintzea pop espainiar komertzialaren alderik coolenari. Agian hala da, baina ez dut uste. Gurasoen errua beraz, bigarrenak ohiko susmagarrien zerrendan. Zuek uste duzue gazte horien gurasoen %80a Bose familiako premuaren fansak izan eta seme-alabei  zaletasun itsu hori transmititzen dietela? Gure aitari Los Panchos gustatzen zitzaizkion eta guk Victor Jara entzuten genuen.

Bale, orduan komunikabideak. Zergatik ez. Egia da euskal musika ez dela existitzen bertako komunikabideen %80arentzat, baina eta Miguel Bose bai? Jesus, badu zerbait mutil honek niretzat oharkabea. Onartu beharra daukat, ondorioz, kultur-transmisioa misterio hutsa dela niretzat, batik bat, Miguel Boseren transmisioa. Hari galdetu behar, zergatik ez dugu gonbidatzen euskal kulturaren transmisio faltaren gainean egingo dugun hurrengo kongresura? Ziur baduela ideiarik honen inguruan.

GARA 2019/04/11

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up