Espero bezala, jostalari hasten da Maite Larbururen bakarkako lehen lana. Aurreko bi diskoekiko zubi moduko bat eraikitzen dute Hezurren Azpian irekitzen duten lehenengo hiru kantuek. 2daia1 balada akustikoa, adibidez, espeziala gertatzen da Maitek bere kantari dohainak luzitzeko. Ondoren, datorren Extrasistoleak kantuaren melodia bihurriak, eta bere saxo moldaketa minimalista baina eraginkorrek, berriz, gogoratzen digute puzzle musikal txikiak osatzen iaioa dela Hernaniarra. Gero dator Gonak, aipatu ezaugarri guztiez gain, aurreko diskoetan hainbeste estimatu diogun umore pertsonal, txiki, eguneroko hori berreskuratuz, erritmoz oparo, melodiaz alai… Uste dut hauxe izan daitekeela diskoko kanturik, esan badaiteke, “Neighborrrena”.
Bai, artistak bere mundua du, berezitua eta lantzen, aberasten, edertzen, jarraitzen du. Horixe erakusten dute lehenengo hiru kantu hauek. Baina, ez uste dena gidoiaren jarraipen hutsa denik, disko hasiera honetan ere sumatzen baitira hainbat berrikuntza. Alde batetik, Euskararen aldeko hautua egin du Maitek bakarkako disko honetan, berak dioen bezala, ziurrenik, EHra itzultzearen ondorioz. Bestalde, nabarmentzekoak dira, bere bizitza musikala markatzen duen biolinaren ekarpenak, bai moldaketetan eta baita protagonismoa hartu eta gitarrarekin buruz buru ari denean ere. Tonu eta kolore ugari gehitzen dizkie biolinak kantu hauei. Artista sendoago, osatuago antzematen dugu eta nabaritzen da diskoak aurrera egin ahala. Azkenik, ez dakit nola azaldu, baina melodiak definituagoak, zehatzagoak, ukigarriagoak dira eta hori nabarmen agertuko da hurrengo lauzpabost kantuekin.
Hori balada akustiko zoragarria da, eta heldutasunez jarduten du Maitek, distrakzio gutxirekin, eta bai, barruraino heltzen zaizu haren ahotsa. Bide bertsutik, geldo eta sentikor, doaz Triangeluak eta Kamareren Egia, a zer argia duen kantu honek, norbaitek leihoa ireki al zuen grabatzen ari zirenean? Eta zer esan Maletadun Maitaleaz eta Katekorratzarenaz, bai ausartu da Hernaniarra la-la-la egitera kanturen batean, nahiz eta bi hauek aurrekoak baino bihurriagoak gertatu.
Eta horrela hurbilduko zara diskoaren amaierara. Lan honetako kanturik borobilena iruditzen zait, segidan datorren, Hezurren Azpian, orain arte aipatutako guztiaren isla delako eta diskoko kanturik poperoena delako, Berdin Bihurtu Ginen magikoaren baimenarekin, noski. Diskoa ixten duen Ibaiaz kantuak ere badu melodia eder bat, eta gitarra elektrikoaren eta biolinaren arteko elkarrizketa mamitsua. Misteriotsua ere gerta daiteke kantu hau, ona disko borobil bat amaitzeko. Bi hitzetan laburtzeko, Maite Larburuk nota ederrarekin gainditu du hirugarren diskoaren azterketa.
Berria 2019/04/21