Lan-eskaintza

Entzuleak behar dira, ez gehiegi, baina batzuk bai. Ez nuke jakingo kopuru jakin bat zehazten, agian, autoestimua asetzeko adina. Hori izan daiteke tamaina egokia, eta lasai, ez naiz egoa garraiatzeko bi trailer behar dituen horietakoa, nirea patrikan kabitzen da. Adibidez, konformatuko nintzateke,  inoiz, autobuseko ilaran zain daudela, bi lagunek, honetaz eta hartaz ari direla, euskal kanturen bat aipatuko balute (jakina, hobe nirea bada). Ez da beharrezkoa izango, gainera, kantatzea.

Entzuleak behar dira, besteak beste, oholtzatik begiratuta, aurreko hutsuneari forma eman eta adi dauden begi pareak, irribarre konplizeak, keinu abegikorrak biderkatzeko. Negozioa izendatzeko beste modu bat dela pentsatuko du baten batek, azkenean, dena sosetara ekartzeko abilezia behar duelako artista pobreak. Beti bezala, musikariak eta dirua. Baina, ez da soldata sasi-txukun bat izendatzeko metafora, emanaldia bukatutakoan etxera bakarrik itzultzerakoan, zalantza existentzial batzuk ekiditeko modua, baizik.

Entzuleak behar dira, beraz, eta ez dute ezaugarri jakinik behar. Beno, jakin-nahia, musika mota bakarrarekiko atxikimendua baino gehiago eta, 20 urte baino gehiagorekin ere musika interesgarriak deskubritu daitezkeen ustea. Horixe, besterik ez. Trukean, entzule hauek, euskal kulturaren ohorezko transmisorearen izendapen formala jasoko lukete, tortilla ogitarteko bat eta Morauren argazki dedikatua, A3 tamainakoa. Lan-eskaintza onartzeko prest daudenek, jo dezatela bere herrian zuzeneko emanaldiak egiten dituen taberna/aretoren batera.

GARA 2019/04/25

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up