(Ardoarenak 20) Egin proba, hurbildu belarria ardo botilara eta egon adi tarte bat. Zorte apur batekin lortuko duzu, ardoak kontatu nahi dizun istorioa ulertzea. Halakorik badu, bederen, zeren eta gero eta zailagoa da kontalari ona den ardoren bat topatzea.
Ardoek bazekiten hitz egiten
pertsonok utzi genion entzuteari
horregatik orain daude hain mutu
hain isil
ez dugulako ulertzen haien berbarik
galdu egin dira
ardoen
izen eta aditzen morfologiak
fonologiak
sintaxiak
lexikoak
xahutu egin ditugu
utzikeriaz
xuxurlatzen zizkiguten
komunztadurak
bustidurak
laburdurak
azentuak
hizkuntzaren aldaera oro
horregatik
egun
zurrumurru konpreni-ezina da guretzat
ardoaren mintzoa
doi doi
aztertu
zatikatu
kartografiatu
erradiografiak egin arren
zehatz-mehatz
neurtu
kalkulatu
klasifikatu
eta formuletara ekarrita ere
ezin deus atzeman
itotako eleen marmar moduko bat
eta konplimenduzko esaldi batzuk
gezurraren arteaz
hori da egun
ardoaren mintzoa
nolanahi ere
entzuten baino trebeagoak gara
autopsiak egiten
eskelak idazten
mitoak asmatzen
noski
ingelesez
frantsesez
eta gazteleraz