Ajearen gorazaharre

(Ardoarenak 29) Ardoa edateaz ari bagara, mito asko daude ajearen gainean. Adibidez; ardoaren kategoriaren arabera arinagoa dela ajea, okerrena ardo ezberdinak nahastea dela… Ez al dizute sekula esan kontuz ibiltzeko ardoa beste edari alkoholdunekin uztartzean? Bada,  esperientzia urri baina praktikotik abiatuta esan dezaket, mito hutsa direla guztiak eta ajearena ziur aski burmuinean daramagun zerbait dela, beti prest egokiera ona topatu eta azaleratzeko.

Ajearekin lotutako bi kontu:

01-Testua

Bejondeizula 
iritsi da hurrengo eguna
argi kriminalak iragarri du
esteek baieztatu dute
bart beste xalotasun geruza bat galdu zenuen
zorionak
memoriaren misilek zeharkatzen dute
argizari berodun ortzia
heldutasuna zoldu egiten da
beti
biharamunean
min emateraino
aurrena susmoa
gero damua
azkenik errua
ongi etorri 
hemen da
jada
zelulen tolesduraren batean bizi zaizun
moja basa
zaldi baten gainean ari da
logelan bueltaka
arrapaladan
penitentzia oihukatzen du
birikak lehertzeraino
ez du gelditzeko asmorik
apatx kolpe bakoitza
mailukada bat begitartean
eta tona bat dinamita lehertzen du
zoriona ospatzeko
esnatu zara
hauxe da ajea
biharamuna
mozkorrondoa
ostea
ondokoa
astelehena
kultura judeo-kristauaren erritorik nagusiena
ospa dezagun
hemendik aurrera ustea baino ez da izango errugabetasuna
zorionekoa zu
garaiz ohartu zara
 
 

02- Ajea hobeto igarotzen laguntzeko kantu-sorta

(Funtzionatzen du eta botikak hartzea baino hobea da)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up