Sistema metrikoa

(Ardoarenak 35) Bere burua ongi ezagutzen zuela uste zuen, etxeko-lanak ongi eginda, galdera garrantzitsu guztiak erantzun zituela uste zuen, baina,  garrantzitsuena ahaztu zitzaion:  zenbat ardo edan zezakeen burua galtzen hasi baino lehen?

Inoren neurria omen da gakoa
munduaren dimentsiora egokitzeko gaitasuna
salneurria adibidez
hori omen da pertsona kabalaren tamaina
edozertarako
edonoren aurrean
 
edo hala uste nuen
 
badakit
zenbat izozki jan ditzakedan eserialdi bakarrean
zenbat denbora eutsi dezakedan arnasa
ito gabe
zenbat metro egin ditzakedan hanka bakarrarekin
erori arte
eta gutxi gora behera
baita  igogailu batean
klaustrofobiaren  kaltetan
zenbat segundo egon naitekeen
inori hitzik esan gabe
ene buruaren
gradua
eskala 
ongi ezagutzen dudanaren seinale
 
badut
ondorioz
ene ahalaren
ene gaitasunaren
ene edukieraren berri zehatza
 
edo hala uste nuen
 
bestela
nola da posible
hain neurrizkoa izanda
ez jakitea
bart
zenbat metro aldrebeskeria
zenbat kilo hitz 
zenbat ampere lerde
zenbat dezibelio zorakeria
erabili ote nuen
nola da posible
ez irudikatzea
inolaz ere gogoratu ezin dudan tarte horren magnitudea
luze-zabalera
karga
 
ezta ingurukoei galdetuta ere
 
atera erregelak
metroak
pisuak
radarrak
neurgailu oro
jakin beharra daukat eta
zenbatgarren baxoerditik aurrera
eragiten duen ahanzturaren pozoiak 
doi-doi  zehaztu
ardo-edalearen zein mailan
pitzatzen den simetria
nagusitzen den inperfekzioa
hasten den neurriz kanpokoa
arauetatik at dagoena
ziurgabetasun mingarri hau
 
berriro ez gertatzeko
lastima litzatekeelako
ene koldarkeriaren ordez
ardoa gorrotatzen hastea
 
salba nazala sistema metrikoak
berriro ere
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up