Umorea

Ez dirudi oso originala, baina, aurrekoaren haritik tiraka, ezer berririk deskubritu gabe, jakina, aipatu beharra dago umorea falta zaiola euskal musikagintzari (alor guztietako aditu oro ados dago honekin) . Estiloaren, jarreraren. ideologiaren gainetik ageri den gabezia da, eta uneoro nabarmen geratzen dena, Ez jarraitu irakurtzen, umore falta heldutasun seinale dela uste duzuenok. Are gehiago, albo batera uzi ironia utzikeria burgesaren seinale dela pentsatzen duzuenok. Honek umorearen apologia izan nahi du eta.

Nolanahiko umoreaz ari naiz, gainera, hasi, inori kalte egin ez eta kolektibitateak bere burua modu “amablean” identifikatzeko erabiltzen den umore konstumbristarekin. Jarraitu, ingurua modu zorrotzean disekzionatzen duen satirarekin, eta bukatu, adibidez munduaren bazterrik zakarrenak salatzen dituen umore beltzarekin. Hauetakoren baten eragina sumatzen al duzu gure kantagintzan? Esango nuke ezetz. Agian, lehenengoaren adibideren bat edo beste, eta umorearen apologia egiten duten friki egoskor batzuk, ezer gutxi gehiago.

Baina zergatik? Horixe da galdera. Benetan al gara artista euskaldunak, jende serio, formal eta umorerik gabeak? Fabrikatik dakarkigun zerbait ote da, muturra etengabe okertzera behartzen gaituen seriotasun pulamentuzko eta arduratsua. Ala, ahaztu egin dugu umoreak, ez beti, ez umore guztiek, duen indar eraldatzailea? Ez zaudela ados? Zenbat denbora da ez duzula txisteren bat egin, ustez, ukiezina den gairen baten gainean? Ariketa osasuntsua da, egin proba. Irribarrea lubaki ona delako aldaketentzat.

(GARA 2019/10/01)

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude