Kantu-zerrenda

Beste gai hoberik ez, eta inspirazioko ajea nolabait disimulatzeko, zutabeari aurre egin behar horretan, atzo, lanera nindoala, bizikletan jakina, kantu dedikatuen zerrenda imajinarioa eraiki dut pedalei eragiten nien bitartean. Horrela, kantuak eskaini dizkiot, han eta hemen, ibilbidean zehar topatu ditudanei. Ea gai zaren, irakurle, kanturen bat eskaintzeko zerrenda honetako protagonistei.

Adibidez, (07:50) AHTko lanak direla eta, moztutako errepidearen ordezko gaineko pasabidea, bizikletan ez igarotzeko, agindu didan zaindari arduratuari. (07:52) Aurreraxeago, aldapa eramangarri bakarra zegoen lekuan pendiza kopurua, eta portzentaia, biderkatu dituen ingeniariari. (08:05) Martuteneko parean, bozina birritan jo eta bidegorrira joateko oihukatu didan gidari estresatuari. (08:06) Donostia inguruko bidegorri-sare fundamentu gabe, arriskutsu eta erabiltezina, irudikatu duenari. (08:10) Loiolako semaforoa berde jarri berritan, azeleratu, eta atzean atzean utzi duen laino grisarekin urtebeteko monoxido anoa irentsarazi didan gidariari. (08:14) Anoetarako 600 metroko zuzengunean, beti, haizea kontran bidaltzen duen fenomeno meteorologiko aldrebesari, eta ondoren (08:18) egin duen euri xeheari, ez deusa, baina, hain deserosoari. (08:19) Metro eta erdiko espaloi gainean, oinezkoen bizkarretik, doazen hiru txirrindulariei eta patinete elektrikodunari. (08:22)

Eta, amaitzeko, (08:25) Ondarreta hondartzan area txukuntzen ari ziren traktoreen artetik atera, eta inongo erreparorik gabe, di-da, larrugorritan bainatu denari. Biba zu. Sinfonia bat merezi duzu.

Gara 2020/01/23

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up