Nondik datoz kantuak

Behin baino gehiagotan “kantuak nondik ateratzen dituzu?” galdetu didazuenei erantzuteko, lehenik eta behin, zera; jakingo banu kantuak nondik ateratzen zaizkidan, sekretua Txinarrei saldu, eta errentei esker biziko nintzateke hemendik aurrera. Ez noski kantu arrakastatsuak edo eredugarriak egiteko formula gisara, ezta gutxiago ere. Baizik eta, laborategian klonatu ondoren, pote txikitan ontziratu, eta nire kantuak egiteko erak ez duenez, bereziki, trebezia apartekorik eskatzen, edozeinek etxean bere kantuak egiteko kit modura saltzeko. Ez utzi bestei lan hori, egin itzazu zureak. Urteurrenetan oparitzeko, adibidez, maitale, ugazaba, lagunak txunditzeko, besteak beste, ez zaitez konformatu auzoko karaokeko izarra izaten, bihurtu kantugile, bi sosen truke, eta Morauren esperientzia zabalaren bermearekin.

Ez esan ez nukeela arrakastarik lortuko. Eskerrak ez daukadan ideiarik nondik datozen kantuak. Iritsi egiten zaizkit, besterik gabe, eta jakin ezazu, nongo biltegi, lurralde, zokotik heldu diren. Ez dut haien jatorriaren arrasto txikienarik ere. Akaso, enbrioien bat, baliteke, besteren baten kanturen bat ez ibiltzea oso urruti hasiera horretan, eta askotan, inongo bidean geratzen diren ideia lausoak, miresgarri baina iragankorrak. Kostatu zait ohartzea, baina neuk ez dut kanturik erditzen, kantuak erditzen nau ni, eta ez, horrelakoetan ez daukat uzkurduren maiztasuna, eta intentsitatea neurtzeko betarik. Ez dago beste misteriorik, neu kantu bat egiteko gai banaiz, edozeinek egin dezake, kantuak ez baitatoz Parisetik.

GARA 2020/02/27

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up