Zaila da

Elosegi txapelaren batean euskarazko hitzen bat topatzea baino zailago (abizenek ez dute balio). Eusko Jaurlaritzako zigilua duen dimisio-gutun bat baino arraroago. Kontrako norabidean migratzera behartutako kurriloa baino eskasago (honek pertsonekin ere balio lezake). Pintxo potean ematen dizuten pintxoari ideologiagatik uko egiten dion poteatzailea baino bakanago (janaria doan edo oso merke banatzen den edozein egoeretan aplikagarria). Autoei eskatzen dien errespetua oinezkoekiko mantentzen duen txirrindularia bezain bitxia (aldatu auto, txirrindulari, oinezko eta jarri nahi dituzunak). Neu ez naiz matxista, bere burua zuritzeko esaten ez duen gizasemea baino originalago (berdin erabili daiteke ni ez naiz arrazista, ni solidarioa naiz… eta antzeko guztiekin). Sakelakoaren aplikazioak euria egingo duela esan eta guardasolik gabe kalera irteten dena baino arrotzago. Kolonia espaƱol zoriontsu honetan inor triste, egarri, gose, eskasian, lanik gabe… topatzea baino zailago. Enpresa afarian, langileei dirua ez duela maite aitortuko dien ugazabaren bat topatzea baino konplikatuago. Telebistan ogasunari iruzurrik egin ez dion eliteko kirolariren bat ikustea bezain ohiz kanpokoa. Etxean armiarma topatu eta bizitza barkatuko dion animalista topatzea baino ezohikoago.

Guzti hori bezain, zail, konplexu, bakan, arraroa da Euskal Herriko edozein dendetan, berdin dio zein sektetakoa izan; Eroski, Carrefour, Lidl, Mercadona, Zara… erosketak gozoago egiteko jartzen dizuten soinu-bandan euskal kanturen bat entzutea.

(GARA 2020/03/12)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up