Annus horribilis

Urte gajoa 2020koa. Hori zorte txarra, hori patu ankerra, beste guztiak bezala, 365 egun, lau urte sasoi eta 12 hilabete eduki dituen urtearentzat. Ez dut buruan, 1992tik aurrera, bederen, hainbeste egur jaso duen urterik; bukatuko al da behingoz, ez zaigu behar adina azkar igaro, urte madarikatua, hobe lo pasa izan bagenu, nork itzuliko digu estutasun eta larrialdietan emandako denbora?, Zertarako estreinatu ote genuen, ez zaigu nahi adina azkar igaro, horratik!… Cava, mahats eta kanpaiak ez dira nahiko baltsamo. Telebistako kotilioi horterek ez gaituzte sendatu. Agurrik, estimaziorik, begirune izpirik gabe joan zaigu urtea, eta halaxe bota dugu ahalik eta zakarrontzirik beltzenera. Egia da, historiako annus horribilisen zerrenda potolotuta joan dela. Ahanzturaren linboa bera ere lurralde urruna gertatuko dela harentzat, are urte okerragoren bat suertatu arte, bederen. Baina, lasai egon, gizateriaren ibilbidea ikusita, ez da igarle tituluduna izan behar, luze baino lehen, halakoren bat iritsiko dela iragartzeko. Orduan, hartuko du bakea 2020ak.

Bada, urte honen aldeko aldarri txiki bat egingo nahiko nuke, eta barka nazatela ogibiderik gabe, edo ataka larrian, geratu diren musikari, teknikari, langile guztiak. Ez nuke haien egoera tribializatu nahi. Horretarako, errepasatu baino ez, dagoeneko, kaleratu diren 2020ko euskal disko eta kantu onenen zerrendak. Sormenak ez baikaitu salbatuko, baina eskerrak, bizitza, mundua, ingurukoa… jasangarriagoa egiten lagunduko digu.

GARA 2021/01/07

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up