ARDO

-Inoiz ardoaren gaineko monografiko bat egin behar diagu- Esan zidan, duela urte batzuk, Beñardok, eta ideia ona zela iritzita (tartean baxoerdiak zeuden), inoiz egitekoen zerrenda luze horretan kokatu genuen asmoa. Hori bai, zerrendaren pull position delakoan kokatu genuen, hain iruditu zitzaigun asmo motibagarria. Tartean, ordea, bizitzarekin egin genuen topo, Egunsentiak Alperrentzat eta Mugaldekoen Galdemoduen Trilogia iritsi ziren, bi erditze neketsu eta gogor. Beraz, urte batzuk igarota, 2018an edo (baxoerdi gehiago tartean), asmo zaharrari heltzea erabaki genuen, egoskorkeria bedeinkatuari men eginez berriro ere. (Beñardok dio neu egoskorrago naizela, baina ez da egia).

Horrelaxe, esku artean gogoa baino ez genuela hasi ginen erabakiak hartzen. Lehenengoa, ez geniola ardoari kantatu nahi, ez genuela edabe miresgarriaren apologia “hipsterra” egin nahi. Ardoaren gaineko istorioak kontatu nahi genituen. Horregatik, alde batera utzi genuen, dagoeneko beste batzuk egindako testu eta kantuen bertsioak egiteko tentazioa, eta geuk geureak idaztea erabaki genuen. Horrela, sukar-literarioak jota, 2018ko azaroan hasi nintzen blog honetan bertan ardoaren gaineko testuak argitaratzen. Hauxe izan zen lehenengoa. Hain gustura ibili nintzen horretan, 2020ko otsaila arte luzatu zela idazte-lan hori.  Bidean, guztira, 50 testu “gordin” bildu nituen. Hauxe izan zen azkena. Bien birtartean, ez nuen gitarrarik ukitu, ez bainuen “libre” idazteko modu hura baldintzatu nahi. Esandakoa, idazletzat hartua nuen nire burua, alajaina!

Testutik kantura, jakina, alde handia dago, ibilbide luze eta malkartsua heroi anonimoentzat. Horregatik, idatzitakoen artean entresaka egin, eta kanturako aproposenak izan zitezkeenak aukeratu genituen. Horrela hasi ginen kantuak egiten, 2020ko otsailean! Etxe-aldi aginduaren bezperetan! Ordutik hona, hainbat hilabete jardun dugu kantuak sortzen eta ( eta ahal izan dugun moduan, haiek moldatzeko elkartzen.

Eta horretan ari gara une honetan 12 kantu berrien zirriborroekin  lanean, eta oraindik behar puska bat geratzen zaigun arren, esan daiteke erdiak gutxi gora beherako forma hartua dutela. Noizko edukiko ditugun eskura kantuok? Gure lan egiteko modu motela eta, une honetan, harengan eragina duten erabaki administratibo/sanitario/politiko guztiak kontuan hartuta… jakin ezazue! Badugu hilabete batzuetarako lana. Baina, jakin ari garela, gustura ari garela Morau eta Beñardoren hurrengo “artefaktoa” prestatzen.

Ez dugu etsiko, euskal-herriko kaleetan berriro ere libre (kar, kar, kar hitz egiteko modu bat da) poteatzen aritu arte, ez horixe…!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up