B-seriea

Azkenean, amore eman, eta “Morau agian, uste baino gehiago dakizu arrakastaz” aitortu behar izan diot ene buruari. Eta amorru pixka bat eman dit aitortzak. Ispiluari begiratuta ziur nengoen ene ibilbide musikal eta bitalaren une honetan, bihurgune batzuk baino ez zitzaizkidala geratzen artista “madarikatuaren” walhalla horretara iristeko. Baina ez, azkenean, autokonplazentziaren itsukeria gainditu dut, eta kilometro-zenbatzailea martxan jarri gabe, konturatu ahal izan dut zein urruti nagoen bere garaian jendeak gutxi ulertu, baina ondoren, estimatua izan den ondarea utzi dutenen klub esklusibo horretatik.

Kaka! Ez dakit non galdu nuen bidea, zein bidegurutzetan egin dudan okerreko aukera, baina orain nagoen maparen erdigune zozo, bare eta eroso honetara iritsi naiz. Nola da posible? Arrakastatik adina urrutiratu naiz “antiarrakastatik”. Ziurrenik, akastun iparrorratzaren eraginez oihanean bueltaka dabilen esploratzailearen moduan, ibili naiz azken urtetan. Agian, ez dut nahiko adorerik eduki konbentzionalismoen amarruei izurtzeko; ez sorkuntza lanetan, ezta haiek ezagutarazteko moduetan ere. Bestalde, nabarmena zen, galtzaileen xarma kultuaren, haien erakargarritasun ideologikoaren eta harrokeria berekoiaren falta. Baina, hala eta guztiz ere, nik heroia izan nahi nuen, eta hala ezin bazen… antiheroia. Zerbait entzutetsua egin. Originala izan. Mundua aldatu pixka bat. Orain badakit, nire lekua lurrazaleko B serieko beste ehunka milaka artisten alboan dagoela. Onartzen banaute!

GARA (2022/09/27)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up