Gaixotasunak denak aldatzen gaitu, gaixoa eta zaintzailea, nahiz eta denok, behin eta berriro, ahaleginak egin diagnosi aurreko egoera horretara itzultzen. Inoiz izan ginen pertsona normal hori berreskuratzen. Hil ala biziko kontua da gaixotasuna ohikotasun geruza lodiekin asfixiatzea. Hemen ez dago atxilorik. Gupidarik ez garaituarekin, horixe idatzia dugu ohearen buruan.
Gaixotasuna gerrako etsai baten modura tratatzen dugu; gorrotatu beharra dago, garaitu, suntsitu… Ez da hain ezberdina militarren eta medikuen hiztegia. Ospitalea gudu-zelai ankerra bilakatzen dugu horrela, araurik gabea. Hain da krudela eta bihotz gabea etsaia! Lubakietan galduko ditugu lagunak, eta pixka bat basago bihurtuko gara. Izua, superbizitzea eta arma kimikoak izango dira gure eguneroko otorduak.
Garaipena ala heriotza, borroka honetan, ez dago erdi-biderik.
Nork ez luke ahaztu nahiko guzti hori? Bizirik itzuli ondoren gerran gertatukoaren gainean hitzik esaten ez duten beteranoak nola, halaxe saiatuko gara gaixotasunaren inguruko guztiak desikasten.
Harrituta zegoen, adibidez, asko maite dudan pertsona bat, gaixotasun aurreko gure ama oroitzen zuelako. Beti. Seinale ona zela zeritzon. Alzheimerrak azaleratu zuen amaz oroitzea txarra, edo gutxienez, zalantzakoa zelakoan, noski. Ordukoak amaren benetako nortasunarekin zer ikusi gutxiago edukiko balute bezala. Bada, zein ezberdinak garen, neuri bestaldera gertatu zait, eta gehienbat, gaixotasun bitarteko ama etortzen zait burura etengabe. Horrela ohartu naiz, harrekiko ditudan oroimenik gozoenak garai horretakoak direla, eta ez aurrekoak. Hainbesterako, duda egiten dudala, gaixotasunik gabe halako harreman estua lortuko nukeen sekula harekin. Ez dut uste.
Ziurrenik gizona naizelako. Ziurrenik etxetik oso gazte joan eta ez nuelako harekin denbora askorik eman, azken urte hauek arte. Ziurrenik, betebeharretatik aparte, zaintza aukera kontzientea bihurtzen saiatu naizelako.
Nolanahi ere, ikasbide handia gertatu da haren bidaia-lagun izatea azken urte hauetan. Benetan, ez diot inongo herrarik alzheimerrari, bestela ez litzatekeelako posible. Hari esker (haren erruz) denbora asko eman behar izan dut, kostata bada ere hasieran, amaren alboan. Haren erruz (hari esker), orain izugarri baloratzen ditudan, une intimo asko konpartitu ahal izan ditugu. Hari esker, orain badakit gaixotasuna ez dela etsaia, eta aukeran, hobe dela beti gaixoaren alde egitea, ez gaixotasunaren kontra (gehienetan ez da berdin). Haren erruz, ongi ikasi dut, azkenik, konpainia dela gaixo bati eman diezaiokegun botikarik baliotsuena.
Ez gutxietsi samurtasunaren indarra.
Eta, guztiaren gainetik, asko kostata, pertsona eta gaixotasuna ez direla gauza bera ikasi dut. Gaixotasunak, hain zuzen ere, ez duela maite duzun pertsona hori definitzen, sekula.Gaixotasunak guztiak aldatzen baikaitu, eta aldaketa guztiek dutenez ikastekorik, hobe ahalik eta gehien ikasten saiatzea. Bestela oso luze egingo zaizu, eta oso beldurtuta biziko zara.
Eta ez du merezi.