Eta nori ez zaizkio sekula dilistak erre? Nork ez ditu jantzi, oharkabean, kolore ezberdineko galtzerdiak? Nork ez ditu egunean behin baino gehiagotan ureztatu balkoiko landareak? Nor ez da jaitsi okerreko geltokian autobusetik? Nork ez du estropezurik egin lainoei erreparatzeagatik?
Diagnosiak bihurtzen ditu anekdota hauek zerbaiten sintoma. Esanguratsu bihurtzen ditu. Ez dira gertakari hutsalak. Handik aurrera, begirada zorrozten duzu. Puzzle bat osatzea bezala da, pieza bakoitzak hartzen du zentzua, eta gaixotasuna joko-taula moduko zerbait bilakatzen da.
Taula argiz beteta dago hasieran, argi horiek ordea itzaltzen hasten dira. Bat, beste bat, beste bat… taula itzalpean geratzen hasten da, eta ez dago modurik argi berriak pizteko. Horregatik, erronka hauxe da: ahalik eta argi gehien, ahalik eta denbora gehienean piztuta edukitzea.
Honelaxe erantzun zion, Arantxak, Afagi elkarteko psikologoak-eta orain zer egin?- galderari. Neurologoak eman zigun haiekin harremanetan jartzeko aholkua, eta eskerrak, kasu egin genion.
Zenbat lan egiten duten, eta zenbat on egin ziguten harekin edukitako elkarrizketek.
Eskerrik asko.
ALZHEIMER
Memoriak gainezka egin dit
ez dut gogoratzen zure urtebetetze eguna
harrigarria da
beti izan baitut gogoan
orain ez nago ziur
non den gure etxea noiz egiten duen hotza
zer kantu entzuteko
babestu behar dudan bihotza
igerilariak basamortuan
hondoa jotzeko labarren bila
inongo zerutan galtzen dira
aingura guztiek huts egin ostean
ez ditut gogoan
maitatzen ditudan fruten izenak
ezin ezberdindu
beldurra eta tripako-mina
ahazten ari zaizkit
hitz esdrujuloak barkamena eskatzeko erak
maitatu ahal izateko
konbentzio denak
eta laster ezingo ditut
leherketen soinuak bereizi
tiroak
petardoak
bonbak
etxafuegoak
eta azkenean denbora
desagertu egingo da
igerilariak bezala