Gauza niminoen mapa

Amaren begirada murrizten joan zen denborak aurrera egin ahala. Ez, ez zuen bistarik galdu, begirada fokalizatu egin zuen, interesatzen zitzaizkion gauza, leku, pertsona eta egoeretan jartzen zuen arreta. Beste guztia euria bezalakoa zen, larruan behera irristatzen zitzaion, eta konturatzerako urruti zegoen. Urrutiegi.

Pertsonetatik txingurrietara, handitik txikira, jo zuten haren begiek. Ziurrenik, gero eta gauza gehiagorekin estropezu egiten zuelako, eta horrek etengabe lurrera begiratzera behartu zuen, ez bazuen muturrekoren bat hartu nahi, bederen.

Hori dela-eta tratu bera berregiten genuen goizero etxerik aterata: -biak behera begiratzen bagoaz, ez gara ezertaz enteratuko. Biak zerura begiratzen badugu… muturreko galanta. Beraz, onena, batak gora eta besteak behera begiratzea da, eta elkarri kontatuko diogu ikusten duguna. Zuk behera begiratu eta nik gora-.

Bi mundu paralelo bezalakoak ziren. Hark belarra, espaloietako paperak, bideko zuloak, harlauzen tarteetako loretxoak begiztatzen zituen. Neuk jendea, trafikoa, etxeak, zerua, mendiak.

Azkenean ez dakit, benetan diot, bi munduetatik zein zen esanguratsuena. Baina, elementu txiki guzti horiek, mapa bat osatzen zuten amarentzat. Goizeroko bidaian ez galtzeko eta etxera onik itzultzeko bidea zehazten zioten izarrak ziren goroldio, txikle, zigarrokin, putzu eta txolarre haiek.

Aitortzen dut, orduez geroztik, askoz ere gehiago begiratzen dudala lurrera, eta neu ere nire gauza txikienen mapa osatzen ari naizela, inoiz beharko dudalakoan edo.

Maleta magalean duela bizi da
etxera betirako itzultzeko
geltokian bezala dago beti
alde batera eta bestera begira

hola itsutzen du belarraren dirdirak
bide erdiko txorien ausardiak
garrantzizkoaren maparen zatiak
bidaiari erratuarentzat

elurra ari du abuztuan
arrastoak estaltzeko beste
berridatzi du ingurua
elurra ari du etenik gabe

egunak helduleku batzuk ditu
katebegiak behe-lainoarentzat
haur baten eztula pasaeran
goroldioa hazi da bankuaren hertzean

elurra ari du abuztuan

Mara-mara ari du dena estali arte
aspaldi ez du atertzen inolaz ere
marraztu bideak ahaztu baino lehen
 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up