Nostalgia ariketa baino gehiago

Living In The Shadows Part Two: On The Edge Of A Dream
Bert Jansch
Earth Recordings 2017

Hauxe da Bert Janschen 90 eta 00 hamarkadetako diskografia biltzen duen berrargitalpen dotorearen bigarren eta azken atala. 2000. urtetik 2006. urtera doazen hiru diskoak bildu dituzte bertan: Crimson Moon, Edge Of A Dream eta The Black Swan. Nolanahi ere, harrigarria izan daiteke, horrelako bilduma disko bat tarte honetan aipatzea, baina badira hiru arrazoi nagusi horretarako. Lehenengoa, aitzakia bikaina delako 60. hamarkadatik hona folk ingelesaren ikur izan den kantari eta gitarra-jotzaileaz aritzeko. Bigarrena, material ezagunaz gain, argitaratu-gabeko materialez betetako laugarren disko batek osatzen duelako bildumaren ale bakoitza. Azkenik,
aipagarria da, inondik inora, edizioaren kalitatea, bai diseinu grafikoan, baita presentazioan (kutxa dotore bat), edota, Bernard Buttler eta Adam Janschek (semeak) egindako iruzkinetan. Horrelako berrargitalpen bati balore erantsi izugarria ematen diote, bilduma bera duintzen dute, alegia.

2011ean hil zen Bert Jansch, eta bidean, 30 bakarkako lan (zuzenekoak barne) utzi zituen. Kontutan hartu gabe Pentangle talde gogoangarriarekin kaleratutako beste 8 diskoak. Hiru zutoin nagusi izan zituen bere ekarpen musikalak; blues akustikoa, folk berritzailea eta Ingalaterrako herri musika. Hiru ardatz horien gainean eraiki zuen, ondoren, mundu osoan beste hamaikak ibili duten bidea, nolanahi ere, “kantautorearen” lana ulertzeko modu bat irudikatzea lortu zuen Jansch jaunak. Uste dut, lan honetan bildutako hiru diskoek oso ongi azaltzen dutela, gainera, nola eutsi zien ezaugarri horiei, azken unera arte. Eta ziurrenik, ez zen oso erraza izan 80. eta 90. hamarkadetan.

Aipatutakoaz gain, eta musikariari askok aitortu zion miresmenaren seinale, hainbat izen aipagarri topa ahal izango duzue kantu hauen kreditoetan: Bernard Buttler, Ralph McTell, Dave Swarbrick, Beth Horton, Dewendra Banhart, Paul Wasiff… Aurretik argitaratu-gabeko materialari dagokionez, gehienak, bere etxean bertan grabatutako demoak dira gehienak, artean Gordon Giltrap edo Johny Marr bezalako musikarien ekarpenekin.

Kantuak, berak idatzitakoak edo erroetako bluesetik eta ingeles herri-musikatik jasotako bertsioak dira. Baina oso zaila da, ezagutzen ez dituenarentzat,
bederen, berak idatzitakoak eta besteak ezberdintzea. Oso modu organiko eta pertsonalean lotu zituen jatorri ezberdinak-eta. 1965 Bert Jansch lehenengo disko hartatik gauzak hainbeste aldatu izan ez balira bezala. Guzti honengatik esan dezakegu, nostalgia ariketa hutsa baino gehiago dela bilduma laukoitz hau, eta merezi duela, gainera lasai dastatzea.

(Berria 2017/05/07)

Diskoa hemen eskuratu daiteke. Informazio gehiago hemen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up